Gipuzkoako Caritasek aurkeztu du 2023ko memoria eta bertan azaleratu da zer nolakoa den eskaintzen duten laguntza eta lagunduak diren pertsonen profila ere. 16.571 lagun artatu dituzte, horien artean, 6.317 familia, 2022an baino 645 lagun gutxiago.
Aldiz, gora egin du migratzaileen kopuruak, iaz baino 4 puntu gehiago, horrenbestez, Caritasen laguntza jaso dutenen % 86 migratzailea izan da. "funtsezko zerbitzu publikoetara iristeko zailtasunengatik, edota premiazko egoeretan lagunduko dieten babes-sare bat ez izateagatik datoz gurera" azaldu du Kontxi Elexpek, Caritas Gipuzkoako idazkariak, Gipuzkoako Kale Nagusian. Emakumeen artatzeak ere egin du gura, zehazki, lagundutako % 55ek emakume-aurpegia izan du.
Geroz eta gazteagoak
Caritas Gipuzkoak artatutako biztanleen %77 44 urtetik beherakoa da. Gehienak 18 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira (% 51), eta horiei 18 urtetik beherako %26 gehitzen zaie. Alde horretatik, azpimarratzekoa da artatutako 10 familiatik ia 7k adingabeko kideak dituztela eta, horietatik, 10etik 3 guraso bakarreko familiak direla. "Bereziki kezkatzen gaitu adingabeena, orain haien etorkizuna garatzeko unean daude eta ez badute lanik edo etxerik pobreziaren zirkuluan sartuko dira", hori leuntzeko lanbideratze programak sustatzen ditu Caritasek.
Laguntza sozial eta ekonomikoak: etxebizitzagatiko kezka areagotu da
Caritas Gipuzkoak 2.994.435 euro bideratu zituen 2023an familia eta pertsonentzako zuzeneko laguntza ekonomikotara: elikadura, baina azpimarratu behar da laguntza ekonomiko horien %30 etxebizitzarekin zuzenean lotutako gastuak finantzatzeko izan dela (alokairuak edo hornidurak). Guztira 890.703 euro erabili ziren.
Elexpek azaldu digu ikerketa bat hasi berri dutela aurten etxebizitzaren egoera hobeto ezagutzeko, zehazki, laguntzen dituzten pertsonen eta familiena. Horretarako, 2.889 etxebizitza hartu dira lagin gisa eta lehenego bost hilabete hauetatik honako ondorioak atera dituzte:
- Aztertutako familien %17,7ak (gehienak pertsona bakarrekoak) Ez du inolako bizilekurik.
- Etxebizitzen %21ek ez du erroldarik.
- Euren ohiko etxebizitzan erroldatuta dauden familietatik eta bizileku horregatik ordaintzen duten familietatik, %68k ez du alokairu-kontraturik.
- Azken familia hauetako heren batean (ordaintzen, kontraturik gabe) adin txikikoak daude.
- Caritasek artatu dituen erroldatuta eta kontratu gabeko pertsonen %57 emakumeak dira.