Bizkaia

Casilda Iturrizar egindako hobekuntzak ikustera joan da Aburto

Casilda Iturrizar egindako hobekuntzak ikustera joan da Aburto

Bilboko Udalak 3.192.210,29 euroko aurrekontua bideratu egin du azken bi urteen artean, hau da, 2021 eta 2022 bitartean, Casilda Iturrizar parkea eta bere ingurua hobetzeko eta berritzeko. Hala, asteazken honetan goizean, otsailak 8, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak, Kepa Odriozola Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak, eta udalbatzako beste kide batzuek Casilda Iturrizar parkea bisitatu dute.

Lehenengo jarduketak Pergolako iturria berritzeko izan ziren, zehazki, iturriaren ontzia konpondu eta iragazgaizteko eta lehengo instalazioen ordez elementu hidrauliko eta argiztapen-elementu berriak jartzeko, kalitate tekniko hobekoak eta mantentze-kostu txikiagokoak. Oinplano obalatua eta estilo klasikoa mantendu dira. 231.000 euroko inbertsioa egin da horretarako.

Parkearen zorua berritu da, zenbait fasetan, 1.355.000 euroko aurrekontu bat bideratuz. Gainera, paperontziak hobetu dira (10.000 euro).

Ureztatze-sarea hobetzeko 55.000 euro inbertitu dira, eta argiztapen-lineen berriztapena, bai Jose Anselmo Clavé pasealekuan bai Pergolan, 230.000 eurorekin egin da.

Pergola, elementu arkitektonikoa den aldetik, birgaitu egin da. Hainbat lan egin dira bertan: zutabeak, barne-elementuak eta fatxada garbitu dira, hautsitako bolumen apaingarriak berreskuratu dira, harria sendotu da degradazioa saihesteko, euskarriak saneatu dira, eta estalkia eta barruko aurpegia iragazgaiztu dira. Bistako plaketez estalitako estilo mudejarreko zutabeak ere zaharberritu dira, eta Pergolako korridoreetako hormigoizko habeak eta morterozko zutabeak konpondu dira. Guztira, 361.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

Azkenik, kirola egiteko espazioetan esku hartu da.

Alde horretatik, Anselmo Clavé kaleko bidegorriaren zati bat lekuz aldatu da, 682.000 euroko aurrekontuarekin. Obra horren helburua izan da zirkulazioko arriskugarritasuna desagerraraztea, bizikleta-erreiak autoekin partekatzen baitzuen bidea.

Proiektuaren helburua da errepidearekin bat eginda zegoen bidegorria lekuz aldatzea. Izan ere, maila berean egoteak eta bi noranzkoetan trafikoa konpartitzeak arriskua sortzen du, eta autoen erreiaren zabalera murrizten da. Helburu hori lortze aldera, oinezkoen pasabideko espaloia zabaldu da. Orain dauden bateriako aparkalekuak okupatuko dira, eta lineako aparkaleku bihurtuko dira.

Bestalde, 155.700 euro bideratu dira aparatu bio-osasungarrien eta kalisteniako elementuen eremu bat instalatzera; eta 111.000 euro, haurren jolas-eremuan kautxuzko zoladura leungarria berritzera, bai eta mahai-teniseko bi mahai hornitu eta instalatzera ere.

13/02/2023