Buscar
Bizkaia

CO2 emisioak %6o murriztu nahi ditu Markina-Xemeinek

Energia plana egin dute, eraikin publikoetan inbertsioak egitea dakarrena
Udal eraikinetan inbertsioak egitea dakar oraintsu herritarrekin partekatutako energia planak.
Udal eraikinetan inbertsioak egitea dakar oraintsu herritarrekin partekatutako energia planak.

Datozen 20 urteetan erabilgarri izango den energia plan berezia finkatu dute Markina-Xemeinen. Eta beronen arabera, eta udalerriko hainbat eraikin publikotan energia kontsumoen kostuaren analisia egin ostean, zenbait helburu zehaztu dituzte 2040 urterako. Besteak beste “udalerriaren CO₂ emisioak %60an murriztu” nahi dituzte, energia-kontsumo primarioa %40an beheratuz eta energia berriztagarrien ekarpena nabarmen handituz. Zehatz-mehatz “azken kontsumoaren %40 izatera” iristean jarri dute mugarria. Hainbat dira egitasmoan ezarri dituzte neurriak, zenbait udal-eraikinetan inbertsioak egitea suposatzen dutenak.

“Egunero garestitzen diren energiaren kostuek ondorio zuzenak dituzte ekonomian eta gizartean”. Eta Markina-Xemein, Euskal Herriko beste herrien antzera, ez da tendentzia honetatik kanpo dagoen udalerria. “Horrez gain, klima aldaketak energia-eredu desberdinen beharra azaleratu du”, azaldu dute Udaleko bozeramaileek. “Eredu berri horiek eraginkortasuna eta energiaren aurreztea izan behar ditu oinarri, baita epe laburrean erregai fosilekiko menpekotasuna murriztea ere. Testuinguru honetan, Udalak energia plan baten beharra nabarmendu zuen, bide orri baten bitartez energiaren alorrean datozen urteetan hartuko duen bidea finkatu ahal izateko”, jakinarazi dute. Energia-eraginkortasunaren aldeko ekintzak burutzen hasia da jada Markina-Xemeingo Udala. Horien artean dira argiteria publikoan, bai erdigunean eta baita auzuneetan, led motako argiak instalatu izana. Auto elektrikoentzako errrekarga puntua ere martxan da Zelaibarrin.

Eraikinei dagokienez, Atxondo kitoldegiko birgaitze energetikoa da ekimenik nabariena. Kiroldegian egindako hobekuntza lanen ostean, ”inguratzaile termikoa jartzen ari da eta aurrera begira plaka termiko eta fotovoltaikoak jarriko dira”. Bestetik, Barroeta futbol zelaian aerotermia sistema jarri da. Uni frontoian “instalazio fotovoltaiko partekatua” ezartzea espero dute –sortuko den energia beste zenbait eraikin publikotan banatzeko eta “eraikin desberdinek instalazio berdina erabiltzeko”. Bekobenta eskolan “eguzki instalazio fotovoltaiko eta termikoa” ezarri dira eta azkenik, Ekiola proiektua ere garatzen hasiak dira udalerrian, Berriatuko, Etxebarriako, Ispasterko Udalekin batera. Ekimen honen azken helburua zera da: “kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea, instalazio horiek instalazio propiotzat identifikatzea eta instalazio horietan haien kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia kantitate bat sortzea”.

2022-11-12T06:53:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo