Cohousing ereduko etxebizitzak martxan jartzea aurreikusita dago Arrasateko La Merced ikastetxea izandako eraikinean. Hala azaldu du EH Bilduk ohar baten bidez, non gogorazi du 2011-2015 legealdian, koalizio abertzalea gobernuan zegoela, “eredu hori ezartzea prosatu” zela, baina “orduan, ezinezkoa izan zen eraikina erostea”.
Eszenatoki berri honen aurrean, EH Bilduren esanetan, “aspaldi hutsik dagoen eraikina berrituta, herrian dugun etxebizitza arazoari, eta gazte zein adin nagusikoen ahalduntzeari erantzun bat eman nahian, etxebizitza komunitarioak sortzea da helburua”. Egoitza-eredu horretan, pertsonak komunitatean bizi dira eta oinarrizko espazio eta zerbitzuak partekatzen dituzte. Egoiliarraren pribatutasuna ahalbidetzen du, eta bizikidetza, lankidetza eta baliabide naturalen eta energetikoen erabilera arduratsua errazten ditu. Cohousing-a adineko pertsonentzako alternatiba gisa hedatzen ari da.
EH Bilduk adierazi duenez, hauteskundeei begira joan den ostegunean egindako lan saioan herritarrak proiektu hau janzten joateko ekarpenak egiten hasi ziren. “Bildutako proposamenen arabera, etxebizitza sare horrek izaera publiko-komunitarioa izan beharko luke, herriaren zerbitzura egonez, hartara arrasatear guztiek izan dezaten parte hartzeko aukera”. Egitasmo honek ere “Arrasaten ditugun bi arazo larri arindu beharko lituzke” uste du EH Bilduk, hau da, “gazteen emantzipatzeko ezintasuna eta adineko pertsonen bakardadea”. “Bi behar horiek herrian sortzen duten ezinegona arinduko luke etxebizi-tza sare horrek, eta belaunaldien arteko harremanak sendotu ere bai, elkarbizitzaren bitartez”, defendatu du koalizio abertzaleak.
Zaintza beharrei erantzutea
Beraz, Karitateko Ahizpa Merzedarien Kongregazioarena den eraikina eskuratzeko aukera dagoela ikusita, EH Bilduk “ilusioz heldu dio gaiari berriro ere, zaintza beharrei erantzutera datorren eredua delako, eta, aldi berean, herriak konponbideak behar dituelako”. “Beraz, herritarren lehendabiziko ekarpenak bilduta, proiektua lantzen jarraituko dugu gure Herri programan jasota gelditu dadin”, dio EH Bilduk.