Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Kontseilu Nagusiak bilkura bat egin du gaur goizean Hondarribiko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, mugaz gaindiko lankidetzarako funtsezkoak diren hainbat gai jorratzeko.
Bileraren puntu nabarmenetako bat izan da Cristina Laborda Irungo alkatea Partzuergoko lehendakari izendatu dutela, Igor Enparan Hondarribiko alkatearen ordez. Izan ere, Enparan lehendakariorde izendatu dute gaur, eta bigarren lehendakariorde Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea.
2025erako aurrekontu orokorra baliozkotzea
Gaur goizeko bileran, Kontseilu Nagusiak Partzuergoaren 2025erako Aurrekontu Orokorra baliozkotu du, indarrean dagoen foru-araudiaren arabera. Onarpen horrekin, mugaz gaindiko proiektuen jarraipena eta hiru udalerrien arteko lankidetza indartzeko baliabideen optimizazioa bermatu da.
Halaber, jakinarazi da Irene Kastezubi Arellano Irungo Udalaren ordezkari izendatu dutela Partzuergoaren Kontseilu Nagusian, Urkiri Salaberria Graciaren ordez.