Gipuzkoa

Haur Danborrada 2022: danbor hotsez jantzi da Donostia

Larramendi ikastetxeko haurrak danborradan, Antiguan.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Donostiako haurren danborrada kalera itzuli da San Sebastian egunez. Hala ere, 2022koak ez du aurreko urteetako danborraden antzik izan. Alderdi Ederren aurrean ez dira ehunka haur elkartu udaletxeko erlojuak eguerdiko 12.00ak jo eta Donostiako Martxa noiz entzungo zain. Horren ordez, hainbat leku izan dira aurten ehunka haurren desfilearen lekuko. Pandemia dela eta, pilaketak saihesteko danborradak bost ibilbide izan ditu eta horrek hiriko auzo desberdinak danbor hotsez eta ilusioz betetzeko aukera eman du.

Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, bost danborrada aritu dira kaleak alaitzen Amara - Loiolako Erriberak, Antigua, Bidebieta, Erdialdea eta Grosen. Eta helburu hori bete dutela esan daiteke, aterkipean bada ere, jende asko gogo handiz atera baita kalera San Sebastian eguna ospatzera.

Erdialdeko danborradan bost ikastetxeetako eta Gaztelubide Txikiko danborradako 790 haur inguruk hartu dute parte. Bretxan elkartu dira Orixe, Aldapena María, Deutsche Schule San Alberto Magno, Gaztelubide Txiki, Jesuitinas eta Sagrado Corazón Mundaiz ikastxeetako ikasleak 11.30ak aldera. Boulevarda berehala hasi da haurren guraso, senide eta lagunez betetzen eta hesien atzetik danborradako parte-hartzaileei argazkiak atera eta kasu egiteko energia faltarik ez zuen inork.

2020ko danborradan irudi honek lekurik izan ez bazuen ere, Mundaiz ikastetxeak, aurtengo danborradako karguen arduradunak, Easo Ederraren papera berreskuratzea erabaki du. María Sánchezi egokitu zaio aurten Easo Ederra izatea eta Bretxara Eider Sánchez eta Naia Alzaga damen konpainian iritsi da. "Eguraldia ez da oso ondo portatu, baina oso pozik nago egun oso berezia eta polita delako. Easo Ederra izateak ilusioa egiten dit, izan ere, helduen danborrada deuseztatu zutenean pentsatu nuen haurrena ere bertan behera geratuko zela, baina azkenean hemen gaude eta ondo pasatzea tokatzen zaigu", azaldu du María Sánchezek.

Beraien ondoan zeuden Jon Alcorta artzaina, Saioa Orri inudea, Marta Apilanez hiritarra, Leire Gil irulea eta Uxue Chapela batelaria ere. "Gogo handia dugu danborradarako, baina oso urduri gaude", esan du Gilek. "Lastima da eguraldi txarra egitea, baina ez du axola, badakigu ondo pasako dugula", adierazi du Alcortak. "Danborrada asko gustatzen zaigu eta euria ez da arazo bat guretzat", gehitu du Apilanezek.

Mundaiz ikastolako hirugarren mailako haurrek lehen aldiz hartu dute parte haurren danborradan eta asko entseatu dutela azpimarratu dute. "Mundaizen oso traje politak ditugu danborradarako eta oso pozik gaude aurten karguak gure ikastetxeari tokatu zaizkiolako. Iaz ezin izan genuen danborradan atera, baina aterako bagina kantinerak izango ginateke, aurten gure eskolako bigarren mailako ikasleak diren moduan", adierazi dute Alaitz Revuelta, Melania Diez eta Malen Goiburu Mundaizeko hirugarren mailako ikasleek.

Aldapeta María ikastetxeko Julia Bilbao, Marta Aguilar, Sofia Etxeberria eta Olaia Fernándezek esperientzia gehiago dute danborradan, baina hala ere, asko prestatu dira San Sebastian egunerako. "Oso pozik gaude, asko entseatu dugu eta pentsatzen dugu dena ondo egingo dugula. Iaz ezin izan genuen atera eta aurten berriro danborradan jotzeak ilusio handia egiten digu", nabarmendu dute. "Egun honetan gehien gustatzen zaiguna desfilea, lagunekin egotea, jendea ikustea eta ondo pasatzea da", esan du Bilbaok.

Orixe ikastolatik, Jokin Urizar eta Julen Beramendi DBHko lehenengo mailako ikasleak sukaldariz jantzita joan dira Bretxara. "Guk ez dugu asko entseatu, baina kanta guztiak buruz dakizkigu", azpimarratu du Urizarrek. Barrilak zeramatzaten soinean, eta danborrak baino gehiago gustatzen zaizkiela nabarmendu dute. "Nahiago dugu barrila gure ustez soinu hobea ateratzen dutelako", adierazi du Beramendik.

11.50ean Mario Tamargo alkatea eta Marta Navarra jenerala arduratu dira bertaratutako guztiei ongi etorria emateaz. "Uniforme urdina, berdea, gorria, izan zaitezte denak ongi etorriak / Iaz ez zen ospatu, aurten bai ordea, milesker ikastetxe eta batzordea / Zein momentu ote da hau baino hobea, nik beti izango dut gogoan gordea / Har ditzagun indarrak, berotu arnasa, aurrera makil eta danborren jolasa / Bete ditzagun doinuz kale eta plazak aupa Donostia eta denok ondo pasa", bertsoa abestuz animatu ditu hiritarrak Tamargok.

Bere aldetik, Navarrak Donostiaren aldeko mezu argia helarazi nahi izan die guztiei: "Pozik gaude, Donostia maite dugu. Hiri handia eta maitagarria dugu gurea benetan eta ilusio handiz ospatu nahi dugu bere egun nagusia. Egizue bat gurekin aurten, gora San Sebastian!".

Jarraian, 12.00ak puntuan, Orixe ikastolako Lorea Arriet Danbor Nagusiak zuzendu du Donostiako martxa Erdialdean. Lauzpabost abesti jo ostean, Boulevarda zeharkatu eta Hernani kalerantz abiatu da Erdialdeko danborrada.

Gainerako auzoetan ere arrakasta handia izan du haurren danborradak, izan ere, pandemiak inori ez baitio San Sebastian eguneko poza eta ilusioa kentzen.

21/01/2022