Batzuetan sinestea zaila badirudi ere, euskaldunak dantza zaleak izan gara betidanik. Nahiago izaten dugu, ordea, ondo mugitzen dakien norbait ikusi, guk geuk musikarekin mugitzen hasi bainoago. Hala ere, zaletasun hori betiko dantzei lotuta joaten da, eta ez horrenbeste dan-tza garaikidea deritzonari. Arte munduan, askotan, gutxietsia den arlo bat izaten da, ezjakintasuna dela medio edo erakusten zaiguna oso ondo ulertzen ez dugulako. Pinturarekin ere gertatzen da horrelako zerbait, baino museo batera hurbiltzea errazagoa egiten zaigu. Baina, dan-tza garaikideko obra guztiak ez dira berdinak, eta horren adibide garbiak dira Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak sortzen dituzten piezak. Bi mundu sortzaile batzen dituen bikotea osa-tzen dute: dantza eta jantzigin-tza/eszenografia. Orain dela gutxi beraien azken obra estreinatu dute; Lana izenekoa. Bertan, lan munduaren inguruko hausnarketa bat erakusten dute mezularitza enpresa baten jarduna hizpide izanez.
“Gure kasuan, artista bezala, badakigu zenbat exijitzen duen lanak eta zenbat eman behar duzun hor egoteko. Zuk zure onena ematen ez baduzu ez zaizu etekin bat bueltan etorriko. Askotan, badago sentsazioa zuk ematen duzun horrek bueltan eman beharko lizukeela zerbait, baina gero ez dizu ematen. Esfortzu handia egiten da askotan, eta, bueltan datorren ordaina, ez da hainbestekoa izaten”, Jaiotz Osak azaldu duenaren arabera. Horren haritik hausnartzen hasi ziren bera eta Xabier Mujika, konturatzera helduz beraiek bizi dutena arlo profesionalean, ez zela bakarrik arte munduan gertatzen. “Lanaren menpe denok gaude, tranpa bat bezala da; txikitatik hezten gaituzte langile perfektuak izateko, ahalik eta hoberenak, eta horrek ia hil arte irauten du. Gai potente bat iruditu zitzaigun eta horretaz hausnartzen dugu Lana obran” sortzailearen hitzetan. Osa+Mujika bikotearen helburua bisualki indartsuak diren istorioak kontatzea da. “Buruan ditugun irudiak sortu eta hauei forma eta zen-tzua eman mugimenduaren bidez, nahiz formatu ikus-entzunezkoetan garatu”, beraiek azaltzen dutenez.
Lan munduaren isla
Sortu duten azken lan honetan, gizartean guztiok lanaren menpe egoteaz izan ahal dugun sentsazioa azaldu nahi dute dantzaren bitartez. “Obra mezularitza zerbitzu batean izandako esperientzian oinarrituta dago; hortaz, nik uste dut publikoa identifikatua sentituko dela: nagusi bat dago, langileak eta dinamikak talde lanetan gertatzen diren bezalakoak dira. Beti dago langile perfektu bat, lana gutxiesten duen bat, konpetentzian bizi dena... hori da pixka bat islatu duguna”. Hau guztia dantza garaikidearen bitartez islatzen saiatzen badira ere, mundu hau urrun dutenengana hurbiltzen saiatzen dira era berean. “Guretzat hasieratik izan da helburua ikuslearengana iristea. Gure obrek mezuak dituzte eta guretzat garrantzitsua da beraiek ulertzea zertaz ari garen. Nahiz eta dantza garaikidea egin eta zerbait abstraktu edo ulertzen zaila izan, gure kasuan guk gure mezua helarazi nahi dugu eta horretarako lan handia egiten dugu”, Osaren hitzetan. Horrez gain, sortzailearen arabera, “egia da guretzat gure burua definitzea zaila dela eta gaur egun zer den dantza garaikidea edo zer den modernoa definitzea zaila dela baita ere. Musikarekin ere gerta-tzen da, zer den popa, rocka edo beste genero bat esatea ez da erraza, dena nahastuta baitago. Gure inspirazioak leku askotatik datoz, ez bakarrik dantza garaikidetik. Unibertso desberdinetatik xurga-tzen dugu, baina azkenean gure helburua publikoarengana ahalik eta gehien iristea da. Gure obrak oso errazak dira ulertzeko, horretan lan egiten dugulako”.
Osa eta Mujika bi mundu desberdinetatik datoz hasiera batean, baina konexioa erabatekoa da sormen lanarekin hasten direnean. “Gu beti hasten gara gaia aukeratzetik. Normalean, hausnarketa bat izaten dugu, gure ardura edo obsesioen inguruan; kasu honetan, lana izan da”. Xabier Mujikak eszenografia eta jantziak egiten ditu, eta Jaiotz Osak koreografia. Ezer baino lehen, gai baten inguruko istorio bat sortzen dute eta horrekin zer kontatu nahi duten planteatu. Hortik gero beste guztia dator. “Gu bion munduak hasiera hasieratik daude elkar elikatzen. Askotan, dantza obra bat egiten denean, lehenengo mugimendua sortzen da, eta gero etor-tzen da estetika. Gure kasuan, biok gara zuzendariak eta nik berari eskaintzen dizkiot ideiak edo berak niri; denbora guztian gaude elkarlanean eta dena batera eraikitzen”, Osak dioenez.

Donostiako Lugaritz kulturetxean estreinatu zuten emanaldia.
Ibilbidea
Beraien ibilbidea 2018an hasi zuten ezohiko espazioetarako sorturiko 13 minutuko pieza batekin, Suddenly izenekoa. Lan horrek garapena izan zuen eta bigarren obra bat aurkeztu zuten 50 minutukoa oraingoan, antzokirako obra bihurtuz Suddenly II izenburupean. Sortzailearen hitzetan, “Suddenly pieza labur bat zen. Kaleko jaialdietan aurkeztu genuen eta museo batzuetan ere bai; antzokietatik harago dauden espazioetarako zen”. Gero, obra gehiago etorri dira: Expectations will not kill you, Abundance, Loser, Kenophobia edo Bueltaxka ere duela pare bat urte. “Normalean, bi formatutakoak dira egiten ditugun lanak: antzokietakoak edo ezohiko lekuetan, kaleetan, areto txikietan, erakusketa aretoetan edo museoetan lantzekoak”. Mundu desberdinak hurbiltzen saiatu dira dantzaren bitartez. Basque Culinary Center-ekin ere lankidetzan arituz, gorputza abiapuntu hartuta istorio bisual txikiak sor-tzen dituzte. Sorkuntza lan desberdinak ohiko tokietatik ateratzeak, hau da, antzokietatik kaleetara edo beste leku batzuetara eramateak dantza jendearengana gehiago hurbiltzen ere laguntzen die. “Egia da antzokietara joaten ez den jende batengana iristen zarela edo dan-tza ikustearren sarrera bat ordainduko ez lukeena. Kalean dantzatzen duzunean, “de paso” harrapatzen duzun jende hori gelditu egingo da eta ikusi egingo zaitu. Jendearengana gehiago iristeak dantzaren inguruan dagoen ezjakintasun hori apurtzeko balio du”. Hori bai, ekin-tza berezi hauek ez dute baztertzen oraindik lan asko egin beharra dagoela jendea antzokietara erakartzeko; “hori, artistoz gain, beste eragile askoren esku ere badago. Gaur egiten denarekin gutxi da oraindik”, Osak azaleratu duenez.
Sortzaileek uste dute dantzaren egoera hobeto eta bere difusioa handitzeko heziketa dela garrantzitsuena. “Haurrei erakutsi behar zaie artea hor dagoela. Bai dantza, an-tzerkia, etab. Eskoletan matematiketan ondo ibiltzea edo bost hizkun-tza menderatzea garrantzitsua da, baina artearekiko zaletasun hori ez da irakasten. Hori txikitatik ez bada erakusten, hau da, arteaz gozatu ahal dela edo artista izan zaitezkeela, oso zaila da 30 urteko pertsona bati antzokira joan dadin esatea. Lehenengo pausua hori izan beharko lukeela esango nuke”.

Mezularitza enpresa baten kokatzen da pieza.
Beraien lanetan elementu desberdinak erabiltzen dituzte ideiak taularatzeko. “Elementuei dagokionez nahiko minimalistak gara. Estetikoki kolore asko erabiltzea gustatzen zaigu eta ahalik eta gauza gutxien jartzea eszenan, ahalik eta gehien kontatzeko”. Azken obra honetan antzokira datorrenak lantegi bat ikusiko du, baina koloreen bitartez, abstraktua, eszenatokia asko kargatu gabe. Lan batzuetan off hotsak erabili izan dituzte, edo beste batean proiekzioak testu txikiren bat jartzeko. Azken obra honetan ez dago testurik, baina bai pare bat abesti, letrak mezua hobeto iristeko erabiliz. “Beldurrik ez dugu mugimendua tapatzeko edo bigarren lerroan jartzeko. Eszena batzuetan mugimendua, beharbada, ez da garrantzi-tsuena. Inporta duena da obrari eskatzen diguna ematea eta bere osotasunean begiratzea, ez mugimendua bakarrik”.
Estreinaldia
Lana dantza emanaldia duela aste pare bat estreinatu zuten Donostian, arrakasta handiz. “Oraindik digeritzen ari gara bizitakoa. Oso ondo joan zen”. Estreinatu aurretik, lan prozesuarekin oso pozik bazeuden ere, “bagenekien obra borobil bat eratu dugula eta oso harro gaude horretaz”. Sarrerak bi aste lehenago agortu ziren, baina argi daukate “hori ere ez dela ohikoa, aretoak betetzea oso zaila delako. Oso pozik gaude izandako harrerarekin eta publikoaren espektatibekin. Oso zaila izaten da jakitea jendeari zer iruditu zaion, ordea. Gu oso pozik gaude emaitzarekin, zer nahi genuen lortu eta lortu dugunarekin. Orain birarekin hasiko gara eta datorrenarekin ere oso pozik gaude” dio Jaiotz Osak. Hurrengo ekitaldiak Elorrion otsailaren 21ean, eta Arrasaten otsailaren 22an izango dira. Martxora begira, 13an Hernanin, 28an Zornotzan eta 30ean Lezon izango dira, besteak beste. Aukera paregabea, hortaz, dantza munduan murgildu eta arte munduaren arlo ikusgarri batengana hurbiltzeko.