Buscar
Gipuzkoa

Dantzari Txiki eta Erromeria iragarri ditu Udaberri Dantza Taldeak

“Pandemia aurreko ohiturei eutsi” eta egun osoko jaia antolatu dute Tolosako kaleetan apirilaren 1erako
Dantzari txikien emanaldia Triangulo plazan. | ARGAZKIA: N.G.
Dantzari txikien emanaldia Triangulo plazan. | ARGAZKIA: N.G.

Euskal kulturaren zati garrantzitsutzat daukan dantza landu, ezagutarazi eta jendarteratzeko helburuarekin, apirilaren 1erako bi ekimen antolatu ditu Udaberri Dantza Taldeak: Dantzari Txiki eta Erromeria.

Dantzari Txiki egunean Euskal Herriko hainbat talde gonbidatu dituzte Tolosako kaleak alaitzera. Lapurditik Hendaiako Akelarre, Nafarroatik Iruñeko Muthiko Alaiak, Gipuzkoatik Errenteriako Ereintza, Bizkaitik Galdakaoko Andra Mari, Arabatik Amurrioko Aiara eta hauekin batera ibiliko dira Tolosako Udaberriko haurrak. Kanpotik, orotara, 140 ume inguru etorriko dira, haiekin batera 25 bat begirale eta musikari, eta tolosarrak 145 inguru izanik, 300 partaide inguru izango dira.

Goizeko 11.00etan hasita, Tolosako kaleetan barrena ibiliko dira beren dantzak eskaintzen, alde zaharrean batzuk eta erdigunean besteak. Arratsaldean, 16.00etan, tripa ondo bete ondoren, emanaldi berezia izango da Plaza Berrian. Jakinarazi dutenez, euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Fran-tzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egingo lirateke.

Erromeria, aldiz, helduentzako euskal festa izango da. Pandemia aurreko urteetako ohiturei jarraituz, musika-poteoa egingo dute Plaza Zaharretik, 19.00etatik hasita. Ondoren, 21.00etan, Zerkausian bilduko dira lagun giroan afaltzeko. Herri afariaren ostean, izenak berak dioen bezala, erromeria izango da Tolosaldeko Laket taldearen eskutik. Fandangoa eta arin-arinak, jauziak, plaza dantzak, Larrain-dantza... ez dira faltako.

Herriari irekitako jaia dela gogoratu dute eta euskal giroa atsegin duten guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira “batetik, euskal kulturaren zati garrantzitsu bat mantendu nahi dugulako eta bestetik, benetan gau atsegin eta alaia izango delako”.

Erromerirako sarrerak salgai daude 15 euroren truke, Ikatza, Asteasuarra eta Orbela tabernetan. Derrigorrezkoa ez bada ere, Udaberri Dantza Taldeko kideek eskertuko dute bertaratzeko asmoa dutenak artzain eta artzain-andrez jantzita etortzea.

2023-03-28T05:35:08+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo