Cultura

Danubioko izokinak (I)

Bidaia oraingoan aurretik atzera, asmo hori buruan hiru lagun gera, Errumania ikusiz goitikan behera, ibaian gora goaz izokinen antzera.
Konstantzako kasinoa
Konstantzako kasinoa / Daniel Burgui Iguzkitza

Actualizado hace 5 minutos

Olatu txikiek nire belaunak kolpatzen dituzte, ni automatikoki oin puntetan jarriz eta modu horretan uretan sartzearen prozesuko une kritikoena ahalik eta gehien atzeratuz. Ura ez dago hotza, ezta freskoa ere, epela esango nuke. Hala ere, ezin dut saihestu oin puntetan jartzearena. Bat, bi, hiru pausu... eta braust! Urpean osorik. Ahoa itxi badut ere, uraren zaporeaz ohartu naiz. Gazia da, baina oso modu arinean, tentsio arteriala zaintzeko asmoa bai, baina erabat gatzik gabe kozinatzeko adorerik ez duen sukaldariaren pure baten antzekoa.

Itsaso zabalera begira, kolorea aztertzen nabil. Urdina, urdinxka, urdin iluna agian? Baina beltza ez, inondik inora. Marea Neagrã, hala deitzen diote bertakoek, errumaniarrek, Itsaso Beltzari. Gerora jakin dut turkieratik omen datorrela beltzarena, iparraldea adierazteko, itsaso zuriaren deitura Anatoliaren hegoaldean dagoen Mediterraneorako utziz.

Gure hotela Mamaian dago, herrialdeko kostaldeko resort famatuenetako batean. Hondartza luzeak, etzaulki eta toalla kopuru amaigabea eta ziurrenik herrialde batek izan ditzakeen denda eta taberna gatzgabe eta txepelenak. Autobus bat hartu dut, geltokian zeudenei Constanta ahalik eta hobekien ahoskatu ostean. Ingelesez egin dut saiakera, atzerrian dagoenaren paperean sartuta, baina azkar ohartu naiz bertakoekin ulertarazteko, hobe dudala gaztelaniaz edo italieraz hitz egin.

Bide guztiek hara eramaten duten irudikapenarekin, Piata Ovidiu-ra iritsi naiz, Ovidius poeta erromatarraren omenez izendatutako plazara. Konstantzako Ovidious-en eskulturaren alboan nago, baina Donostiako Boulevardeko ordularian edo Iruñeko Gaztelu plazako kiosko parean egon ninteke, dirudienez jende guztiak hemen jartzen baitu biltzeko hitzordua. Nire lagunak iritsi bitartean, garai batean udaletxea izan zen arkeologiako museoaren eraikinari begira nago, polita eta masiboa era berean.

Lagunak berandu datoz. Bata hastekotan gauden bidaiarako blog bat prestatzen ari dela eta bestea Arkitektura ikasketetako azken proiektua amaitzen ari dela jakinda, ez nau harritzen, eta gehiago itxaron gabe hiria bakardadean deskubritzea otu zait.

Penintsula txiki bat da Konstantzako alde zaharra, igaro berri dudan plazan lepo estua duena. Eraikinen artean sartu eta berehala deigarri gertatzen da punta zorrotzeko dorre luzexka bat. Konstantzako meskita handiaren (Marea Moschee din Constanta) minaretea da. Ezjakintasunez meskitaren atera gerturatu naiz eta atseginez jakin dut barnealdea bisitatu daitekeela eta baita dorrera igo ere. Hiriko ikuspegi ederrena dela ziurtatu dit bertako gizonak, ezin naizela Konstantzatik joan behin behintzat igo gabe. Zenbatetan entzungo nuen hori mundu zabaleko edozein dorre handi naiz ziztrinetan. Marketin estrategiak berdinak dira han eta hemen.

Minaretetik, meskitaren kupula gaineko ilargi erdia ardatz modura hartuta, eskuinetara portu industrial zatarra ikusi daiteke, Itsaso beltzeko handiena, eta ezkerretara hondartza luze eta resot itsusi amaigabeak. Marketin ona, produktua ez hainbeste.

Garai oparoen erakusgarri diren eraikin zahar eta zahar berrituen artean egin dut aurrera, dendarik ez duten kale bakartietan. Tigre baten marrak bailiran, lerro arrosa eta zuriz osaturiko katedralaren fatxadarekin egin dut topo. Barnealdea urrezko irudiez, egur landu ilunez eta zirrikitu guztiak betetzen dituzten margolan koloretsuez ezin beteago dago, soiltasuna bekatu bat dela adierazi nahiko balute bezala.

Estimuluez gainezka, haize pixka bat hartzera irten naiz eta itsasertzeko pasealekuaren bila joan naiz. Haize arina eta orain arte ezkutatuta zegoen jendea ez ezik, hiriaren ikurra den kasinoa ere topatu dut. Gaur egun jokoz kanpo dagoen Art-noveau eraikin handi hau, bere enegarren berpiztearen zain dago, bi mundu gerra, komunismoaren erorketa eta hainbat krisiren gora beherak pairatu ostean.

Azkenean elkartu gara hiru lagunak, gure bidaiaren 0 Km izango den puntuan. Bidaia luzea dugu aurretik, baina lehen tartean Errumaniaren hegoaldeko mugaren traza egiten duen Danubion gora egingo dugu, bizikletadun izokinak baikinen. Danubio ibaia ez da Konstantzan itsasoratzen, ehun bat kilometro iparralderago baizik, baina itsasontziek bezala tranpatxo bat egin eta Danubio-Itsaso Beltza ubidearen bidezidorra jarraituko dugu.

Une hau gure oroimenean iltzatuko duen argazki perfektua atera nahian genbiltzala, gure belarrietara doinu ezagun bat iritsi da, txanodun biolin jotzaile baten eskutik. Ez da posible diogu gure baitan, bertso doinu bat jotzen ari da! Artistarekin hizketan jakin dugu doinua ez dela guk uste bezain euskalduna, baina aldiz bere abizena bai dela, berak ez dakien arren. Patuaren keinutzat hartuta, kolaborazio txiki bat egiteko aukera ikusi dugu. Eta hala eman diogu irteera gure bidaiari, ongi musikaturiko kopla eskas batzuekin.

2024-12-12T17:25:49+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo