Darahli elkarteko Ekain Albite zine zuzendari zumaiarrak Tindufeko Errefuxiatuar Kanpalekuetara bidaiatu du Maluta Films ekoiztetxeak eta Zumaiako Darahli elkarteak ekoitzitako Haizearen egia film laburra aurkeztera.
Pare bat egun jaialdian izan ondoren, ostegunean aurkeztu zen laburmetraia Pantalla Desierton, izarpean eta ehundaka sahararren begiradapean.
Laburrak Tabar izeneko gazte sahararren esperientzia kontatzen du. Haurra zenean Euskal Herrira bizitzera etorri eta hamar urte beranduago Errefuxiatuen Kanpalekuetara itzultzean, bertan topa-tzen duen egoerari aurre egin beharko dio.
Albiteren esanetan, “ez da lehengo aldia hona etortzen naizena. Hala ere, oraingo honetan, hemengo errealitatea ezagutzeaz gain Haizearen egia, kanpalekuetan bertan grabatu genuen laburmetraia aurkeztera etorri naiz FiSahara zine jaialdira”.
“Zer pentsa dezakezue pelikulak trailer baten lateralean proiektatzen direla esaten badizuet? Edo hitzaldi eta mahai inguruak haimen barnean te eta saharar musika artean egiten direla kontatzen badizuet? Zer pentsatu jaialdiaren irekiera ekitaldian gamelu karrera bat ikusi genuela esanez gero?”, kontatu du Albitek idatzi batean . – Pedro Amundarain