Antzerkiz beteko da Debagoiena hilaren 23tik azaroaren 26ra bitartean. “Antzerkiak badu ba-tzeko gaitasun bat, eta hori aprobetxatu nahi dugu bailara mailako kultur proposamena egiteko”, azpimarratu dute Amaia Castañedak, Josu Zubiak eta Olatz Pagaldayk. Hirurok Karoi izenarekin jaio den jaialdia bultzatu duten Debagoieneko Antzerki Plataforma (DAP) taldeko kideak dira.
Egitarau zabala prestatu dute. Lehenengo geldialdia Eskoriatzan izango da datorren igandean. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obraren inguruko ikusle klubarekin emango diote hasiera kultur etxean, 18.00etan. Ondoren, Zaldibar antzokiko oholtza gainean izen bereko ikuskizuna taularatuko du Kamikaz Kolektiboak. Urriaren 28rako, aldiz, Lanku Kultur Zerbitzuak-en eRRe. Aldarri bat bertsoz antzezlanarekin gozatzeko aukera egongo da Antzuolako Torresoroan (19.00etan).
Azaroan, helduei zein gazteei zuzendutako tailerrak, mahai-inguru bat, Lakoste antzezlana, Irazan Eguna… antolatuko dituzte Antzuolan, Aramaion eta Oñatin. Programaren xehetasun gehiago lortzeko eta izena emateko www.dap.eus webgunera jo beharko da.