Buscar
Navarra

Dena prest Amaiurren Jon Maiak zuzendutako ikuskizunarendako

Diziplina ezberdinetako 100 artistek emanen dute ‘Amaiur 2022-2522, aurkituko gaituzuenoi’
Amaiurko anfiteatro naturalean izanen da larunbat arratseko emanaldia.
Amaiurko anfiteatro naturalean izanen da larunbat arratseko emanaldia.

Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrena gogoratzeko ekitaldi ugari ari dira antolatzen aurten Amaiurren. Larunbat honetan, ekitaldi anitz horietako handienetako bat eginen dute Amaiurko gazteluko muinoko belardian, Amaiur 2022-2522, aurkituko gaituzuenoi ikuskizuna, hain zuzen ere. Jon Maia, bertsolari eta idazleak zuzendutako diziplina anitzeko ikuskizuna da larunbat arratsean Amaiurren emanen dutena. Guztira 100 lagunek, 80k oholtza gainetik, hartuko dute parte antzerkia, musika eta dantza uztartuko dituen emanaldian, auzolan erraldoi baten emaitza izanen den emanaldian.

Larunbat honetako ikuskizunari begira, Jon Maia, historia aitzakia bezala erabiliz, garenaz hausnartzeko asmoz aritu da, eta herritarrei perspektiba bat helarazten saiatu da; izan ere, dioenez, “orain egiten duguna izanen da etorkizunen izanen garena, eta horren kontzientzia edukitzea inportantea da”.

Diziplina anitzeko artista ezberdinek hartuko du parte auzolan erraldoi baten gisan antolatutako emanaldian: Olaia Intziarte, Joseba Irazoki, Jean Mixel Bedaxagar, Gorka Hermosa eta Aire ahizpak abeslariak; Oinkari dantza taldea; Et incarnatus orkestra; Amaiurko Gaztelu taldea eta Elizondoko Koro ttiki abesbatzak; proiekzio batzuk ere izanen dira, Asisko Urmenetaren irudiak, Andoni Lubaki eta Gari Garaialderen argazkiak. Eva Francoren maskarada, eta ikuskizunaren gidari lanetan Anabel Arraiza aktorea ariko da.Sorpresa ere iragarri dituzte.

2.000 lagunendako tokia izanen da 21.30ean eginen den emanaldian, eta oraindik ere ikuskizunaz gozatu nahi duenak badu sarrerak erosteko aukera, www.amaiur.eus-en bidez edo Amaiurko Arkeologia Zentroan, 20 euroan 15 urtetik goitikoendako eta 10 euroan 6 eta 14 urte bitartekoendako.

Herriko belardi batean, gainera, akanpalekua ere atondu dute, nahi duenak gaua pasatzeko.

AMAIUR LIBERA STATE Dena den, ez da larunbat honetan Amaiurren izanen den ikuskizun bakarra. 20.00etan, Asisko Urmenetak idatzitako Amaiur Libera State liburuan oinarriturik, karrikako antzerkia izanen baita. Eliza ondoan dagoen gurutzetik abiatuta herrian goiti eginen dute sorpresaz beteriko ikuskizun ibiltaria, duela 500 urteko gertakariak ardatz. Hiru aktorek, Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga eta Xanmari Irigoien, eta Ander Barrenetxea musikariak osatuko dute ikuskizuna, Asiskok marrazkien bidez azalpenak ematen dituen bitartean.

2022-08-06T16:42:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo