Gipuzkoa

Dena prest Itziarko Auzo Udalaren 10. urteurrena ospatzeko datorren astean

Ekitaldi nagusia martxoaren 2an izango da eta bertan izango dira Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia), Alazne Txurruka (Debako alkatea) eta Arantza Egaña (Itziarko Auzo Udaleko alkatea)
Itziarko plaza izango da ekitaldi nagusiaren eszenatokia martxoaren 2an / N.G.

Itziarko Auzo Udalak bere sorreraren hamargarren urteurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu du, otsailaren 26tik martxoaren 2ra bitartean.

Ekitaldi nagusia martxoaren 2an izango da, igandean, herriko plazan, eta herritarrak zein erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatuak izango dira.

Auzo Udala 2015eko otsailaren 27an jarri zen martxan. Itziarko Auzo Udalak, bere izaera zehazten duen Foru Dekretuak onespena jaso zuen prozesu luze eta korapilatsu baten ostean, eta hamar urte geroago, Itziarko herritarrek ospakizun instituzional eta herrikoi baten bidez gogoratuko dute efemeridea.

Ekitaldi nagusiaren aurretik, hainbat jarduera izango dira. Otsailaren 26an Aran Santamaria zumaiar artistaren collage erakusketaren irekiera burutuko da Burugorri Ostatuan.

Otsailaren 27an, berriz, Ombuaren itzala fila ikusteko aukera izango da Lasturko elizan, Patxi Bisquert zuzendariaren parte-hartzearekin,. Otsailaren 28an, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariekin bertso afaria izango da Bikain Jatetxean.

Bertso afarirako txartelak salgai daude Itziarko Harrera Bulegoan eta Bikainen 25 eurotan.

Martxoak 1ean sokamuturra batekin gozatzeko aukera izango da Kalebarrenen 16.30ean.

Ekitaldi nagusia

Ekitaldi nagusia Itziarko plazan ospatuko da martxoaren 2an, 11.30ean.

Urteurren ekitaldiaren barruan, Alazne Txurruka (Debako alkatea), Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia) eta Arantza Egaña (Itziarko Auzo Udaleko alkatea) izango dira protagonista, agerraldi instituzionala eskainiz.

Musika eta dantza ikuskizunak ere izango dira, eta bertako produktuekin luntxa eskainiko da.

Hagin landareak herritarrentzat

Herritarrei hagin landare bana emango zaie, sinbolikoki norberak nahi duen lekuan landatzeko.

Ekitaldiaren amaieran, Arientzako kanpai-jole eskolako kideek kanpai kontzertua eskainiko dute Itziarko kanpandorreko kanpaiekin, antzinako tradizioan oinarritutako piezak interpretatuz.

Arantza Egañaren hitzak

Arantza Egañak, Auzo Udaleko burua, nabarmendu duenez, “ospakizunerako egun eder bat bilakatzea nahi dugu, eta herritar guztiak daude gonbidatuta, izan ere, haien esfortzua eta borondate nekaezina izan baitira Auzo Udala posible egin dutenak.”

Egindako bidea eta emandako aurrerapausoak aipatuditu Egañak. “Dagoeneko hamar urte bete ditu Itziarko Auzo Udalak, denbora honetan eragile administratibo gisa sendotuz joan gara eta bistakoak dira egindako lanaren emaitzak. Hala ere asko dago hobetzeko oraindik, eta ezinbestekoa da erakunde nagusien arteko lankidetza batetik eta herritarrekiko harremana, bestetik.”

Dagoeneko hirugarren legealdia betetzen ari da Itziarko Auzo Udalak. “Hasierako arazo eta oztopoak zirela eta, bidea ez da erraza izan, baina uste osoz egin dugu aurrera.”

Hitzarmena

Joan den legealdian Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren artean aho batez adostutako hitzarmena goraipatu dute Itziarko Auzo Udaletik. “Horrek jardueraren normalizazioa ekarri digu eta, gaizki ulertuak uxatuz, esku artean genituen hainbat proiektu garatzeko bidea erraztu digu.”

22/02/2025