Cultura

Denbora

Errenterian eraiki den aparkaleku publiko honek momentuko aparkaleku beharrei azkar eta ondo erantzuteaz gain, desmuntagarria da
Beraun auzoan kokatzen den proiektu honek herriko aparkaleku beharrei erantzuten die modu sinple eta ordenatuan, gustoz eta erraz.
Beraun auzoan kokatzen den proiektu honek herriko aparkaleku beharrei erantzuten die modu sinple eta ordenatuan, gustoz eta erraz. / Aitor Estévez Olaizola

Behin arkitekto bati irakurri nion arkitekturaren erronka espazioaren antolaketan bainoago, denboran zegoela. Denbora faktorea modu ezberdinetan txertatzen saiatu dira arkitekto ezberdinak. Baina, zer da denbora arkitekturan? Eraikin batek denboran irautea? Edo, denbora jakin baterako irautea soilik? Eraikin batek denboran aurrera egin ahala aldaketak ahalbidetzea? Denboraren arabera aldatzea? Nola txertatu daiteke denboraren faktorea arkitekturan?

Denboraren faktorea aintzat har dezakeen adibide da Errenterian eraiki den parkaleku publiko hau. Ekida hau zinez interesgarria iruditu zait, sinplea eta oso ona. Egia esan faltan nituen Vaumm estudioaren proiektu freskoak. Marta Álvarez, Jon Muniategiandikoetxea, Javier Ubillos, Tomás Valenciano eta Iñigo Garcia arkitektoen gidaritzapean dago Vaumm estudioa eta beraien eskuetatik arkitekto gazte on asko pasatzen dira. Eta, seguruenik, baten baten eskuhartzea izan du proiektu honek.

Beraun auzoan kokatzen den proiektu honek herriko aparkaleku beharrei erantzuten die modu sinple eta ordenatuan, gustoz eta erraz. Erraztasun hau ariketa konplexu baten ondorioa da, elementu ezberdinak inteligentziak erabili baitira. Tokia, dirua, arrazionaltasuna, fatxada eta denbora, esaterako. Azken emaitza, eraikin funtzionala eta Beraunerako 183 aparkaleku-plaza, horietatik seimugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuetarako egokituak.

Alde batetik, eraikina tokiak dituen ezagugarrietara moldatzen da. Orubea autopista alboan kokatzen den lursail txiki, laukizuzen, malkartsu eta bejetazioz betea da. Hori dela eta, Beraun kaleko maldarekin bat etorriz eraikina mailakatzen da. Maldaren arabera mailakatuta garatu den konponbideak aukera ematen du, batetik, lur indusketa txikiagotzeko, eta horri esker, besteak beste eraikinaren kostuak minimizatu dira.

Mailaz maila eraiki denez, eraikina inguruan txertatzen da eta inpaktu bisuala murrizten da. Horrela, eraikin berriak inguruko espazioaren gainean eragiten duen inpaktu estetiko eta bolumetrikoa txikia da. Aparkaleku eraikinak normalean eraikin gogorrak izaten dira, kalearekiko harreman gutxirekin. Kasu honetan, fatxadaren iragazkortasunak eta eraikina erdi irekia izanik sentsazio horrekin apurtzen da. Kanpo-barne erlazio ematen da, kanpotik barneko erabilera ikusiz eta barneko argiak espazio urbanoan eraginez. Ingurua errespeta-tzen saiatzeaz gain, eguneroko bizitzan gutxien eragitea bilatu da. Planteamenduak oinezko eta txirrindularien mugikortasuna bermatzen du. Baina bat jartzeagatik, bertatik kendu diren zuhaitz kopurua azpimarratu behar da.

Eraikuntza sistemaren arrazionaltasunak ere bai berebiziko garran-tzia du. Konponbide modularreko egitura bat proiektatu da, Anrotech motako aparkaleku prefabrikatu bat. Diseinu modular eta prefabrikatu honek malgutasun handia ahalbidetzen dio eraikinari. Lotura-sistemari esker horizontalean zein bertikalean hedatu daiteke egungo moduluei berriak erantsiz, edota zati bat desmuntatu daiteke. Honek etorkizunean esaterako oso-osorik desmuntatzeko aukera ahalbidetzen du eta udalerriko beste toki batera eramateko aukera ere. Ildo horretan, eraikinak erabilera eraldatzeko aukera ere eman lezake, arkitektoen esanetan nahiko modu errazean gainera.

Materialen iraunkortasunari eta mantentze-premia minimoari lehentasuna eman zaie eraikun-tzarako materialak eta konponbideak hautatzean. Aipatutako sistemak gainera eraikuntza kostuak murrizteaz gain eraikinak behar dituen mantentze kostuetan aurrezpena dakar. Neurrira eginiko arkitektura-diseinu baten bitartez arauzko eskakizunak eta kalitate-maila egokiak betetzeaz gain, eraikinaren energia kontsumo txikitzea ahalbidetzen dute, bai eraikitzean eta baita ere etorkizuneko mantenu lanetan.

Aipatutako ezagurriak fatxadan laburbiltzen dira. Zeramikaz osatutako azal erdi-gardenak eraikinari konponbide integral eta homogeno bat eskaitzen dio. Azalaren iragazkortasunak eta marrazten diren siluetek inguruarekiko erlazio bisuala ahalbidetzen dute, auzoan integratuz. Bestetik, eraikinaren kostuetan ere murriztea dakar. Eta ez soilik ekonomikotan, energetikotan ere. Fatxadak oso elementu konplexuak izanik kasu honetan proposamen oso elementu sinple batekin dena borobiltzen dute. Izan ere, hau desmontatzeko aukera bermatzen da eta gerora pieza hauek beste eraikin batean erabil daitezke, esaterako.

Arkitekturek gure beharrei berandu eta poliki erantzuten dien garai hauetan, proiektu honek erakusten digu bestelako bideak daudela. Denboraren faktorea aintzat hartuz eta momentu beharrei behin-behineko erantzunak emanez ekida interesgarriak egin daitezkelaren adibidea da. Arkitektura wapoak egiteko ez dago zertan denboran iraungo duten museoak egin beharrik.

Etiquetas
2024-12-05T02:42:24+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo