Buscar
Bizkaia

Derio BiziPark sarearekin bat egin du eta 24 plazako bizikleta-aparkaleku segurua izango du

Gómez Viar eta Esther Apraiz
Gómez Viar eta Esther Apraiz

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak eta Derioko Udalak udalerria BiziPark sarearen parte izateko akordioa lortu dute. Miguel Ángel Gómez Viar Saileko titularrak eta Esther Apraiz Derioko alkateak adierazi duten arabera, bizikleta-aparkaleku seguruak 24 plaza izango ditu gutxienez eta udalerriko tren geltokiaren ondoan eta Bizkaibusen geraleku batzuetatik hurbil egongo da kokatuta eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen martxan jartzeko konpromisoa hartu da.

"Esperientziak erakutsi digu erakundeen arteko lankidetza oso aproposa dela bizikletaren erabilera sustatzeko helburuan aurrera egiteko, hain zuzen ere, lurraldeko eskualde guztietan jarri ditugun BiziPuntuei esker egiaztatu dugun bezala" adierazi du Gómez Viar diputatuak.

Bi erakundeen artean lortutako akordioaren arabera, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak 60.000 euroko dirulaguntza emango du instalazio osoa jartzeko, eta Udalak aparkalekua egokitu eta hornitzeko lanak egingo ditu, baita berau kudeatu eta mantentzeaz arduratu ere kontratua indarrean den lau urteetan.

Bizikletak aparkatzeko hogei plaza izango ditu gutxienez, honako baliabide hauekin: sarrera-kontrola eta kudeatzeko softwarea, Interneteko konexioarekin; barrualdea beti argiturik egoteko sistemak; gutxienez suaren aurkako sei armairu, bakoitza bere elektrizitate-hargunearekin, erabiltzaileek beren gauzak seguru edukitzeko; zaintza-sistemak, eta Derioko Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuekin konektatutako kamerak.

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko BiziPark guztietarako emandako jarraibideen arabera pertsonalizatuko da espazioa.

Hamasei urtetik gorako pertsona orok, Derioen bizi zein ez, plaza horiek erabiltzeko eskaera egin ahal izango du. Eskaera-kopurua plaza-kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da.

Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, aparkalekuak eguneko 24 orduetan funtzionatuko du, urteko 365 egunetan, eta hauexek izango dira aparkalekua erabiltzeko tarifak: 4 € hilabetea; 10 € hiruhilekoa; 20 € seihilekoa eta 40 euro urte osoa. Hamalau egunik behin erabili beharko da bizikleta, aparkalekua ez dadin bizikletak gordetzeko toki batean bilakatu.

2023-02-16T14:25:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo