Buscar
Cultura

Desberdintasunari buruzko komedia beltza, gaur Gayarren

Ados Teatroak ‘Lagun beltz asko’ obra aurkeztuko du, arratsaldeko 20:00etan
Desberdintasunari buruzko komedia beltza, gaur Gayarren
Desberdintasunari buruzko komedia beltza, gaur Gayarren

Berandu da. Kalean ez dabil inor. Ixtear doan taberna arrunt batean gertatzen da istorioa. Barruan, tabernako jabea eta bere lagun hoberena azkena hartzen ari dira. Oso lagun dirudite baina sekretuak eta traizioak ezkutatzen dizkiote batak besteari. Bat-batean, galduta dagoen migratzaile batek atea jotzen du eta mugikorra kargatzen uztea eskatzen die, Londresen dagoen alabarekin hitz egin ahal izateko. Hauxe da gaur, arratsaldeko 20:00etan, Iruñeko Gayarre antzokian Ados Teatroak aurkeztuko duen Lagun beltz asko antzezlanaren abiapuntua. Hiru pertsonaia eta azpi-trama ugariz jositako gai nagusi bat: desberdina den horrekiko beldurra.

“Antzezlan honek badauka berezitasun bat”, argitu du Ramón Ibarrarekin eta Asier Sotarekin batera obrar antzezten duen Asier Hormaza aktoreak, “bizpahiru azpitrama baititu. Bide bat eskain-tzen dio ikusleari, baina gero beste bidezidor batzuk ere hartzen ditu”. Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako obra, izan ere, publikoa adi mantentzen duen dialogo biziko lan bat da, erritmo azkarrekoa, non umorea eta drama eskutik doazen.

Gaua luzatzen da eta “bertakoek” hain urrunetik datorrenari lagundu egin nahi izango diote nola edo hala. Ezin elkar ulertu ordea. “Akzioa berehala hasten da, oso azkar ulertzen du publikoak nondik joango den gaia, nahiz eta gero sorpresak ere badauden”. Ezin sobera aurreratu, hala ere, Ormazak dioen bezala “kontatzen dena nola kontatzen den” baita garran-tzitsuena.

Guztiaren gainetik, alta, “ezezagunarekiko eta desberdintasunarekiko daukagun jarrera” da mahai gainean jartzen den gaia, komedia beltzeko tonuan. “Komedia beltz hori, beste momentu batzuetan, zerbait latzagoan bilakatzen da”. Izan ere, karga sozialeko lan bat den heinean, topikoak eta aurreiritziek leku nabarmena izanen dute, hain zuzen pertsonaietan gorpuzten diren zamak. Eta aurreiri-tzi horiek, tartean barrea, tartean auzolotsa ere eragingo du ikuslearengan.

Hormazak azpimarratu bezala, “obra ongi dago norberak ikusteko zeren inguruan egiten dugun barre, baita barre egiten dugun horren zilegitasuna ere zalantzan jartzeko”. Obraren sinopsian adi-tzera ematen den bezala, “gure sinesmen eta printzipioen flotazio-lerroari zuzenean begiratzen dion kontakizuna” da kontakizuna, “dramaturgia probokatzailea, elkarrizketa biziz beteta, barretik dramara etenik gabe pasatzen dena”. Guzti hori, pertsonaien presentzia azpimarratzen duen eszenografia soil batean.

Lagun beltz asko urrian estreinatu zen, Getxon, eta azaroan geldialdi bat izan ondoren abenduan ekin diote berriz bideari. Orain arteko erakustaldietan, jendearen harrera “oso ona” izan dela adierazi du Hormazak. “Jendeak esaten duenez, gozatzeko moduko obra bat da, denetarik eskaintzen duelako: pertsonaiek ibilbide bat egiten dute, dialogoak azkarrak dira eta barruan galderak sortzen dizkio ikusleari”.

Lagun beltz asko-ren jatorrizko istorioa José Antonio Vitoriarena izan da eta Garbi Losadak idatzi eta zuzendu du obra. Xabier Lozanoren eskutik joan da argiztapen diseinua, Ikerne Gimenezek sortu du eszenografia eta jantzien diseinua eta Javier Asinen da musika eta soinua.

`lagun beltz asko’

Gaur, Gayarre Antzokian, 20:00etan. Sarrerak, 8,00 euro.

Antzerki taldea. Ados Teatroa Bidebitarte Kooperatiba ekoizpena.

Testua eta zuzendaritza. Garbi Losada.

Antzezleak. Antzezleak: Ramón Ibarra, Asier Hormaza, Asier Sota.

2023-01-19T07:43:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo