Bizkaia

Deustuko Madariaga etorbidea oinezkoentzako transformatuko da

Madariaga etorbidea

Bilboko Udala, Auzokide Planaren barruan, 1.258.498 euro (BEZa barne) inbertituko ditu Deustuko Madariaga etorbidea, Agirre Lehendakariaren eta Rafaela Ybarraren artean, tranformatzeko. Udalak kalea oinezkoentzako eta egoteko leku moduan erabili dadila bultzatu nahi du eta horretarako, etorbidearen espaloiak zabalduko dira merkataritza eta aisialdia sustatzeko.

Kalean, obra egingo den tartean, bi gune bereizten dira, gaur egun:

Alde batetik dago zati luzeena, Rafaela Ybarra eta Heliodoro de la Torre kaleen artekoa: 20 metro zabal da, eta noranzko bakarreko zirkulazio-errei bi ditu.

Zati horretan, ibilgailuen zirkulaziorako errei bat kendu, eta 3,50 metroko errei bakarra egongo da aurrerantzean. Horri esker, espaloiari 6,10 metroko zabalera eman ahalko zaio atari bikoitien aldean, eta 6,20 metrokoa bakoitienean.

Lineako aparkalekuak mantenduko dira errepidearen bi aldeetan, eta arbola-ilarak ere bai. Gainera, espaloien lerrokatze berriarekin bat datozen irtengune berriak egingo dira, oinezkoen pasabideetan eta kale perpendikularrekiko elkarguneetan.

Era berean, errepidea espaloiaren kotara igo, eta maila berean dagoen plataforma bakarra sortuko da: ibilgailuek eta oinezkoek partekatzeko galtzada sortuko da, zirkulazioa baretzeko.

Beste alde batetik, Heliodoro de la Torre eta Agirre Lehendakaria kaleen arteko zatia berrituko da. Noranzko bakarreko zirkulazio-errei bi daude han ere, eta lineako aparkalekuak eskuineko aldean, eta diagonaletik antolatutako aparkalekuak ezkerrean.

Zati horretan, eskuineko eta ezkerreko espaloiak zabalduko dira, gutxi gorabehera 5,50 metroraino, eta, horretarako, alde bietako aparkalekuak kenduko dira.

Zirkulazio-errei biak mantenduko dira, baina bakoitzaren zabalera 3,5 metrora txikituko da; eta, horrez gain, zama-lanetarako aparkalekuetarako eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzako aparkalekuetarako lerroa utziko da, atari bakoitien aldean.

Zenbaki bakoitien aldeko arbolak beren lekuan mantenduko dira, baina, bikoitien aldean, orain dauden aleak kendu, eta berriak jarriko dira espaloiaren ertzean, non parterre berri bi ere egingo diren, terrazek okupatzen ez dituzten guneetan. Obren eremuko ostalaritzako terraza guztiak espaloien ertzera eramango dira.

Horrez gain, eremuko zerbitzu-sareak berrituko dira (hornikuntza, saneamendua, argiteria, zuntz optikoa…), jarduketa-eremu osoko zoladura berrituko da, eta hiri-altzari berriak jarriko dira.

30/03/2023