Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna ikertaldeak dieta begetarianoari buruzko gida berri bat argitaratu du. Gida horren bidez, nagusiki edo soilik landare jatorriko elikagaietan oinarritutako dieta batera igarotzeko kontzeptuak argitu nahi ditu.
Gidaren helburua ebidentzia zientifikoa ematea da, dieta beganoaren eta begetarianoaren inguruko zalantzak argitzeko, ez osasunaren ikuspegitik bakarrik, baita funtsezko alderdietatik ere, hala nola ingurumenaren, iraunkortasunaren eta animalien ongizatearen ikuspegietatik. Era berean, landare jatorriko elikagaietan oinarritutako dieta bati jarraituz gero azpimarratu beharko genituzkeen mantenugaiak jasotzen dira gidan, eta hainbat gai jorratzen dira, hala nola bizitzaren hainbat etapatan hartu beharreko osagarriak eta nutrizioa, edo zenbait egoera espezifiko, gaixotasunak kasu. Azkenik, ideiak hartu nahi dituzten horientzat errezeta batzuk jaso dira. Hala ere, ez du inolako asmorik irakurlea bere elikadura aldatzera baldintzatzeko edo presionatzeko.
Dieta begetariano terminoak okela (hegaztiak, hestebeteak eta beste eratorri batzuk barne) eta arraina (itsaskia barne) ez kontsumitzeari egiten dio erreferentzia, eta arrautzak, esnekiak eta eztia kontsumitzea ere barne har dezake.
Beganismo terminoak, berriz, kontzeptu zabalagoa hartzen du; izan ere, elikatzeko moduari erreferentzia egiteaz gain, animalia jatorriko edozein produktu baztertzen du, elikagaia izan ala ez, hala nola larrua, artilea edo zeta, baita animalia jatorriko osagaiak daramatzaten edo animalietan testatuak izan diren kosmetikoak ere.
Biztanle gehienak orojaleak badira ere, begetarianismoa gora egiten ari da. Beren elikadura barazkietan oinarritzen duten eta animalia jatorriko elikagaiak erabat edo partzialki murriztu dituzten pertsonen gorakada oso azkar gertatu da azken urteotan. 2021eko ‘The Green Revolution’ txostenaren arabera, flexitarianoak, begetarianoak eta beganoak, orotara, % 34 hazi ziren Espainian 2019tik 2021era.
Dieta begetarianoa egiten hastean, kezka handienetako bat izaten da mantenugai nahikorik ez hartzea, eta horrek osasun egoerari eragitea, izan ere, horrek gaixotzera eraman dezake pertsona. Hala ere, oro har, posible da osasunerako arriskurik ez duen dieta begetariano edo begano bat egitea, eta osagarririk erabiltzen ez bada, mantenugai bakarra izango da defizitarioa: B12 bitamina. Gainera, dieta begetarianoek eta beganoek orojaleak baino zenbait mantenugai edo dietako zenbait osagai gehiago dituzte, hala nola zuntza, folatoak eta antioxidatzaileak, C eta E bitaminak kasu.
“Animalia jatorrizko elikagairik gabeko dietak egiten dituzten pertsonek, dieta askotarikoa bada, animalia jatorrizkoaren kalitate bereko proteina bat lortzen dute. Arrautzak eta esnekiak hartuz gero, horiekin erraz asko bermatzen da proteina osoen eta kalitate onekoen ekarpena. Hala ere, arreta berezia jarri behar diote kaltzioari (esnekirik hartzen ez badute), D bitaminari (baita orojaleek ere) eta B12 bitaminari”, azpimarratu du gida egin duen ikerketa taldeak.
Plangintza, dieta on baten gakoa
Elikadura osasungarri bat gizabanako bakoitzari bere bizitzako etapa guztietan nutrizio eskakizunak betetzeko behar dituen elikagai guztiak ematen dizkiona da. Gidan azaltzen den bezala, landare jatorriko elikagaietan soilik oinarritzen den eredu dietetiko bati jarraituta posible da behar horiei erantzutea (B12 bitaminaren kasuan izan ezik). Gainera, gaixotasun kroniko batzuk izateko arrisku txikiagoarekin ere lotzen da. Dena den, horrek zer esan nahi du, edozein dieta begetariano edo begano dieta osasungarriaren sinonimo dela? Dieta beganoa edo begetarianoa gaizki planifikatuta badago, animalia jatorriko elikagaiak barne hartzen dituen beste edozein dieta bezain osasungaitza izan daiteke, baita defizitarioa ere zenbait mantenugairi dagokionean. “Gaur egun, landare jatorriko elikagai prozesatu ugari daude, kalitate nutrizional oso txarrekoak, eta, funtsezko mantenugaiak ez emateaz gainera, elikadura osasungarria izateko behar diren elikagaiak ez kontsumitzea eragin dezakete”, ikertzaileen arabera.
Beste alde batetik, landare jatorriko elikagaietan oinarritutako dieta batek eragin positiboa du ingurumenean, eta, gainera, animalien ongizateari laguntzen dio. Era berean, bizitzako etapa guztietan egin daiteke, baita egoera berezietan ere, hala nola kirola egitean edo gaixo egotean.
Horrela, gida hau bi arrazoirengatik sortu da: batetik, begetarianismoan hasi nahi duten pertsonei beren trantsizioan laguntzeko; eta, bestetik, dagoeneko igaro diren horiei laguntzeko eta dituzten zalantzak argitzeko. Horretarako, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, azpimarratu beharreko mantenugaiak zein diren, zergatik diren garrantzitsuak eta zer elikagaitan dauden jasotzen du. Era berean, zalantzak sortzen dituzten beste gai batzuk ere jorratzen ditu, hala nola, behar diren osagarriak edo odol analisiak eta horiek nola interpretatu. Gainera, beste puntu batzuen artean, astebeteko menu begetariano bat eskaintzen du, aukera beganoak dituena, baita eguneko une desberdinetarako errezeta batzuk ere, lehen otorduetako batzuk planifikatzeko baliagarriak izan daitezkeenak.