Gipuzkoa

Dinamoa sormen gunea osatu du Azpeitiko Udalak Soreasun

Proiektua gauzatzeko falta zen Soinuaren eremua prest da eta herritarrek asteazken honetan ikusi ahalko dute
Soreasun egokitutako Soinuaren eremuko gela bat. | ARGAZKIA: N.G.

Azpeitiko Udalak amaitutzat eman du kultur disziplina ezberdineko sortzaileen beharrak asetzeko helburuarekin aurreko legealdian Kulturaz kooperatibaren eskutik abiatu zuen Dinamoa sormen gunearen proiektua.

Aurreneko fase batean egindako obren bidez Hitzaren, Gorputzaren eta Irudiaren eremuak martxan daude 2019 urteko amaieratik Soreasuko eraikinean; eta orain, joan den urteko udazkenean abiatu ziren bigarren faseko obrak amaituta, Soinuaren eremua ere prest da.

Hori dela eta, herriko kultur mugimenduak eta Udalak adostutako Dinamoa sormen gunearen kultur sorkuntzarako eremu guztiak martxan daude jada.

Baliabide berria

Sormen guneko Soinuaren eremua gauzatzeko 521.847 euroko inbertsioa egin behar izan du Udalak eta herritarrek asteazkenean bertan izango dute 300,47 metrokoadroko zabalera duen ekipamendu hori ikusteko aukera. Horretarako hitzordua 19.00etan da, Soreasuko eraikinaren lehen solairuan.

Herriko soinu sortzaileak hartzeko prest dagoen Soinuaren eremuak bi soinu gela, teknika gelak, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta hiru gela balioanitz ditu, besteak beste, “funtzionamendu egoki baterako beharrezkoa den ekipamendu guztiarekin”.

Eneritz Albizu, Kultura batzordeburuak, adierazi duenez, Soinuaren eremua Dinamoa sormen gunea osatzera dator. Bere hitzetan, “herri mugimenduaren eskaerei erantzuteko eta Kultur Mahaiak horrela proposatuta sortu genuen Dinamoa Sormen gunea. Abian jarri genuenetik kultur disziplina desberdinetako sortzaileentzako erreferente da. Soinuaren eremua, orain artean, espazio propiorik gabe genuen, eta orain arte egindako lan guztia osatzera dator soinuaren eremua”.

Proiektua gauzatzeko Udalak bidelagun duen Kulturaz kooperatiba ere eskertu nahi izan du Albizuk: “Beraiei esker, ikasten, moldatzen eta hobetzen ari da esperientzia hau. Bide horretan, ilusio handia egiten digu Soinuaren eremuarekin lanean hasteak”. Esan bezala, azpeitiarrek asteazken honetan dute herritarrentzako eratu den azpiegitura berria ezagutzeko aukera.

09/11/2022