Eaurki kaleratuko du bakarkako lehen diskoa Eider Etxeandia ‘Heitxi’-k, eta dagoeneko entzungai dira osatuko duten hamar kantuetatik lau, bideoklip eta guzti. Zuzeneko ikuskizuna prestatzen ari da orain, talde zabal batekin: lau musikari eta hainbat dantzari izango ditu oholtza gainean lagun martxoaren 7an Zornotza Aretoan emango duen kontzertuan.
Martxoaren 7an aurkeztuko duzu bakarkako lehen lana Zornotzan, zure herrian. Zelan bizi dituzu egunok?
Oso urduri. Itzelezko ilusioa egiten dit lehenengo emanaldia Zornotzan izateak, bainabeste herri batek emango ez lidakeen presioa ere ematen dit.
Zornotza Aretoan izango da, kultur egitarau zabal batek lagunduta. Nola ikusten duzu herriko kultur sorkuntza eta programazioa?
Kultura aldetik nahiko ondo dago antolatuta. Egia da zinemagintzan ez dela gauza handirik mugitzen, baina, antzerki, kontzertu eta umeentzako kultur ekintza nahiko daude. Gauza asko ditugu herrian.
Zu ere musika eta antzerki mundutik zatoz. Nondik datorkizu bakarkako proiektu honi ekiteko grina?
Txikia nintzenetik beti egon naiz musikaren munduan sartuta. Proiektu desberdinetan hartu dut parte,beti abestearekin lotuta:Kantu Kolore-n, telebistako programa batzuetan… baina, inoiz ez naiz ausartu bakarkako ezer ateratzen, besteek zer pentsatuko zuten beldurragatik.
Nolatan eman zenuen jauzia?
Orain dela pare bat urte Erein izeneko rock talde bat sortu nuen. Orduan konturatu nintzen oso argi nituela ideiak, nondik bideratu nahi nuen kantuen sormena eta ekoizpena, eta ikusten nuen taldea beste pertsona batzuekin osatuta beti izango zuela denon eragina. Argi nuen nire zen zerbait egin nahi nuela, nik erabakiko nuena nondik nora joango zen. 2023an OperaciónTruinfo saioko castingean parte hartu nuen eta finalera iritsi nintzen. Handik bueltan, hegazkinean, nire buruari esan nion: “Badago, iritsi da hasteko momentua”
Inflexio puntu bat izan zen?
Ikusi nuen OT bide arina izan zitekeela nire gauzak ateratzeko eta ezagutzera emateko, baina ez zela bakarra. Hegazkinean bertan sortu nuen lehen abestia. Hortik aurrera, urte t’erdi inguru daramagu lanean eta ordua da gauzak patxadaz ateratzeko.
‘Berreraikitze Aroa’jarri diozu izena lanari. Zer dela eta?
Hasieran momentuan sentitzen nuena idazten nuen, ez nuen zentzu espezifiko batean pentsatzen. Nik musika erreminta lez erabiltzen dut, pasatzen zaizkidan gauzak eta bidean topatzen ditudan oztopoak landu eta gainditzeko. Konturatu nintzen denbora guztian horri buruz ari nintzela: oztopoen aurrean zelan jarduten dudan nik. Bizitzako esperientzia guztiek eraman naute gaur egun naizena izatera, nire izatea eraikitzera. Berreraikitze aro bat da, ez orain arte izaterik izan ez dudalako, baizik eta norberaren izaera aldatu egiten delako bizi ditugun esperientziekin.
Esperientzia pertsonalean dago oinarrituta, orduan.
Guztiz autobiografikoa da, abestietan ez dut fikziorik erabiltzen. Imajinatzeaeta idaztea gustatzen zait, baina ez naiz kapaza hori kantuetan kontatzeko. Musikak asko laguntzen dit nire barruko gauzak konpontzen eta hortik jo dut diskoa idazteko.
Zein izan da zure inspirazio iturria sortze prozesu horretan?
Nire bizitza bera, azkenengo urteetan bizi izan ditudan esperientziak. Diskoa entzutean berehala nabaritzen da dena direla niri gertatu zaizkidan gauzak. Abesti guztiek dituzte ardatz nire bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonak edo bizi izan ditudan esperientzia gogorrak. Adibidez, abesti batean dolua agertzen da eta nik zelan bizi izan dudan.
Euskal musikatresnak doinu modernoekin nahastu dituzu, zergatik?
Niri musika elektronikoa dantzatzea gustatzen zait, baina txikitako erreferenteei keinu bat egin nahi nien:Alaitz eta Maider, Kepa Junkera… Umetan ikasi nuen trikitia jotzen, utzi egin nuen eta orain berriz konektatu dut harekin, berreskuratzeko gogoa piztu zait.
Nola definituko zenuke ‘Berreraikitze Aroa’?
Ez nuke esango estilo bakarra duenik. Abesti bakoitza eskatu didan estiloan sortu dut, baina diskoan denen arteko sinergia bat dago. Abestiek energia handia izan arren, soinu nahiko organikoak sartzen saiatu gara, batasun hori lortzeko.

‘Berreraikitze aroa’ bideoklipeko irudi bat.
Non eta norekin grabatu duzu lana?
Disko osoa Gaua estudioan grabatu dut, Fruizen, Oihan Moreno eta Iker Villarekin. Xabi Bengoa ere egon da, hasieran gehienbat. Lehenagotik ezagutzen nituen eta oso erraz ulertzen dugu elkar, horregatik segitu dut haiekin.
Dagoeneko hiru kantu eta sarrera abesti bat kaleratu dituzu, noiz entzun ahal izango da disko osoa?
Otsaila amaieran plataforma guztietan egotea aurreikusita dugu, baina baliteke datak aldatzea, abestiei beste buelta bat eman nahi izateagatik. Orain arte asko gozatu dut prozesua astiro eginez, nire lehen aldia da eta asko ikasten ari naiz. Horregatik, presioarekin ez aritzearren, langa bat jarri dugu, lasaitasunez aritu eta datak arazo barik aldatu ahal izateko.
Kaleratutako abestiek bideoklipa ere badute.
Itzelezko zortea dut, ahizpa argazkilaria dudalako eta askotan etortzen delako estudiora argazkiak egitera. Lehenengo hiru bideoklipak ere nire ahizpaIratxek grabatu zituen eta Aro barri bat grabatzeko CaosStudioko kideen laguntza izan genuen. Azken bideoa, Akelarre askea, Ane Berriotxoak egin zuen. Gure herriko neska gazte bat da, argazki zuzendaria, eta berak proposatu zigun elkarlana egitea. Etxeko jendearekin egin ditugu guztiako

Ines Osinagarekin batera sortu du ‘Lema eta lekukoa’.
Bi kolaborazio ere daude tartean.
Biak lortu nituenahizparen bitartez. Artista berria izanda, pentsatu genuen ondo legokeelakolaborazioak egitea jende gehiagok ezagutzeko, eta hasieratik argi nuen euskal emakume musikariak izatea nahi nuela. Ines Osinagarekin egindako Lema eta lekukoa kantuak osasun mentala lantzen du. Inesek elkarrizketa askotan hitz egin dugaiaren inguruan eta niretzako erreferente bat da. Iratxek ezagutzen zuen eta proposamena bota zion;lehen unetik esan zuen baietz. Abestia bidali nion, bere parteak barik, grabaketa egunean sortze prozesu txiki bat egitea gustatzen zaidalako. Bertan amaitu eta grabatu genuen, eta hurrengo astean geratu ginen bideoklipa grabatzeko.
Belerekin berdin izan zen?
Bai. Beti izan naiz Lideren fana, Liher taldean zegoenean eta orain Bele proiektua atera duenean ere bai. Iratxek ezagutzen zuenez, proposamena bota zion. Uste nuen ez zitzaiola interesatuko eta ezetz esango zuela, baina abestia entzun barik eman zuen baiezkoa. Berdin egin genuen: abestia bidali nion bere partea egin barik eta estudiora etorri zenean sortze prozesu txiki eta polit bat egin genuen ahizpak, berak eta hirurok. Bertan amaitu eta grabatu genuen eta asteburu horretan bertan grabatu genuen bideoklipa Ane Berriotxoarekin
Prozesuaz gozatzen ari zarela diozu, non dago gakoa?
Gauza bakoitzari behar duen denbora eman diot eta oso harro nago horrekin. Aro barri bat abestia iragan maiatza-ekainerako genuen prest, baina urri-azarora arte ez genuen atera, buelta asko eman nizkiolako. Era berean, ikasi dut gauzei ez dizkiodala hainbeste buelta eman behar, abestiak modu batean sortzen direla arrazoi batengatik.
Nolakoa izango da martxoaren 7ko ikuskizuna?
Zuzenekoetan bost emakume egongo gara taula gainean: lau musikari eta ni. Trikitian Onditz Ugarte, teklatuan Urtza Jauregi, baterian Garazi Arriaga eta baxuan eta sintetizadorean Ane Falagan. Dantzariak ere egongo dira, abesti batzuetan bideoklipetako gauza batzuk zuzenekora egokituko ditugulako. Argiztapen aldetik ere gauza politak egotea espero dut, baina oraindik dena dago nire buruan.
Ikus-entzunezkoak erabiliko dituzue?
Printzipioz ez, dena organikora eta pertsonetara eramango dugu, eta pertsonak publikora. Zuzenekoa egiten dugun pertsonon eta publikoaren artean harreman zuzena egotea nahi dut.
Hasi zarete zuzenekoa prestatzen?
Musikariekin hasi naiz, baina dantzariekin oraindik ez dut entsegurik izan. Apurka-apurka ari gara sortzen, momentu bakoitzean zer falta denikusten. Musikari guztiak neska oso gazteak dira, ez dute esperientzia asko eszenatoki gainean, baina zerotik hastea da politena: ni ere egun batean hasi nintzen zerotik eta hori da gehien ikasten den momentua. Oso prest nago eurek ikasteko eta eurekin batera ikasteko. Ez dut nahiZornotzakoa apoteosikoa izatea, gero lantzen jarraitzeko gauzak ateratzea nahi dut, eta bira amaierara zuzeneko on batekin iritsi.
Zornotzakoaz gain, badituzue hurrengo kontzertuak lotuta?
Martxoren 21ean Zizurkilen egongo gara eta apirilaren 12an Arrasaten. Udako lehena Azpeitian izango da, uztailaren 26an.
Trikitia joko duzu?
Ziurrenik abestiren bat bai, baina oraindik oso urduri jartzen naiz jende aurrean jotzen eta badakit kontzertu osoa emango banu trikitiarekin horretan bakarrik pentsatuko nukeela. % 100ean disfrutatu nahi dut, horregatik nahiago dut ezer ez izan, dena eman nire partetik eta ez pentsatu beste gauza batzuetan.