Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek dispositibo bateratu berezia antolatu dute ostegunerako, martxoaren 13rako, talde zuri-gorriak Erromaren aurka San Mamesen jokatuko duen Europa Ligako final-zortzirenetako itzulerako partida dela eta.
Gainera, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, partida protokolo eta segurtasun neurri batzuk probatzeko balioko du, maiatzaren 21ean San Mamesen bertan jokatuko den finalera begira. Kaleak ixteko eta hesiak jartzeko dispositiboak aurreratzeko protokoloak izango dira, batez ere.
Hori dela eta, finalaren egunean instalatuko den perimetroko hesiko zati bat jarri da zelaiaren inguruan, egiturak berak eta horren bidezko sarbide kontrolek zelan funtzionatzen duten egiaztatzeko.
Gainera, egun osoan, Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa hirian zehar ibiliko dira, zaleen artean bakea bermatzeko eta lanegun bateko ohiko jarduerak partidaren aurreko giroarekin bateragarri egin ahal izateko.
Diseinatutako segurtasun dispositiboak batez ere San Mames inguruan izango du eragina, bi taldetako zaleen segurtasuna bermatzeko neurriak zehazteko, bai eta herritar guztiena ere.
BESTE DATU BATZUK
Horrela, bada, zirkulazioko lehen etenak 15:00etan izango dira, Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetan. Handik gutxira, 15:45ean, beste hainbat gune itxiko dituzte Kale Nagusian, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean.
“ Zirkulazioko lehen etenak 15:00etan izango dira ”
Tranbiaren zerbitzuan ere eragina izango da eta 16:00etatik 17:00etara bitartean Euskalduna Bilbao jauregiko geralekuraino bakarrik iristea aurreikusi da. Ildo horretan, bertoko zaleei gomendatu diete zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea.
Era berean, Europako horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, topagune batean deituko zaie bisitariei, Ertzaintzako agenteek lagunduta San Mamesera elkarrekin joan daitezen. Erromaren zaleentzako topagunea Iparragirre kalean egongo da, eta 15:45 aldera zelaira abiatuko direla uste da.
Martxa hori dela eta, Luis Briñas kaleko tabernei gomendatu diete 15:00etatik 17:30era bitartean terrazetako elementu mugikorrak kentzea, eta gomendio bera zabaldu dute Erromaren zaleen topagunearen ingurura.