Cultura

Distopia, errealitatearen ispilu

Bira berria hasi du Kamikaz Kolektiboak ‘Renata’ antzezlanarekin. Oholtza gainean elkartuko diren lau aktoreek gaurkotasunarekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte distopia abiapuntutzat hartuta
Durangoko San Agustin kulturgunean estreinatu zuten ‘Renata’ antzezlana.
Durangoko San Agustin kulturgunean estreinatu zuten ‘Renata’ antzezlana. / Iker Gozategi

Actualizado hace 7 minutos

Heriotza, gizarte kapitalista, autoritarismoa eta sufrimendua helarazten dira oholtza gainean, besteak beste. Renata izeneko protagonistak behin eta berriro hiltzeko eta berpizteko ahalmena edo madarikazioa dauka, eta gaur egungo gizartearekin zerikusia duen helburu bat bete beharko du. Kamikaz Kolektiboak sortutako bederatzigarren antzezlana da Renata.

Maiz seriotasunez hartzen diren gaiak min-tzagai izan arren, aurreko antzezlanetako ildo beretik jarraituta, umorez blaitutako kritika eraiki dute sortzaileek. Amancay Gaztañaga Kamikaz Kolektiboko kideak aurretiaz ondutako lanekin alderatu du Renata: “Aldaketa bakarra Xabier Agirrezabala aktoreak obran parte hartzen duela izango litzateke, hori bai da zerbait berritzailea”.

Distopiak aipatutako gaitzespen eta umoreari irekitzen dizkio ateak; eta hori da, hain zuzen, Gaztañagaren aburuz, kolektiboarentzat zailena: “Azkenean, distopia irudikatu arren, gure publikoak errealitatetik gertu dagoela adierazi digu”, azaldu du. Hausnarketa hauek dira Renata sortzeko baliatu duten edukia; aktorearen esanetan, gure sisteman bertan dauden joerak hartu eta “muturreraino” eraman baitituzte. Hainbat adibide topatu daitezke obran egungo gizartearen ispilutzat har daitezkeenak: denak lan egitera derrigortuta daude; eta, lanik, produkziorik eta kontsumorik gabe ezin daitekeela bizi pentsatzen dute. Hau guztia jasateko, pilulen kontsumo masiboa hedatuta dago; horrek dakar lasaitasuna.

Sistema kapitalistaren nolakotasuna ere beste gai “potolo” batekin jorratu dute; heriotza, hain zuzen: “Sistemarentzat heriotza traba bat da; heriotzarekin obsesionatuta bizi da, baina, aldi berean, heriotzari buruzko dena ezkuta-tzen du, eta horrela bizi gara”. Esate baterako, Gaztañagaren ustez, dolua geroz eta ezkutuagoa da, hildakoak lehenago lurperatzen dira eta gizarteak, ahal bezain laster produzitzera bueltatze aldera, min horretatik ahalik eta azkarren berreskuratzea eskatzen da. Finean, taldearen nahia heriotzari begiratzea da; nolabait, heriotzari begiratzea bizitzari begiratzea ere badelako; biak elkartuta daude. 

IRUDITERIA ERAIKITZEN

Horrelako gizartea irudikatzeko 40 pertsonaia inguru antzeztu dituzte. “Jendaurrean gauza asko gertatzen dira, baina atzean gertatzen direnak egunen batean GoPro kamera batekin grabatzeko modukoak dira”, deskribatu du. Renata koreografia bat dela dio, Espe Lopez zuzendari laguntzailearen begiradari esker sortutakoa, berari esker pertsonaia “markatuak” lortu baitituzte. Horrez gain, Barbara Rassoren lana goraipatu du Gaztañagak: “Pertsonaiak Rassoren jantziteriari esker lortutako emaitzak dira, izan ere batzuetan pertsonaia bat antzeztetik bestera pasatzeko segundo batzuk geneuzkan”. Aldaketa adieraztea eta publikoak ulertzea zaila izan denez, antzezlana fisikoki oso zorrotza dela hausnartu du kideak. 

Eszenografia eta jantziteria ezinbestekoa izan da demokrazia positibistan bizi den gizartea irudikatzeko,baina horren atzean bi urte inguru iraun duen sortze-prozesua dago. Istorioa sortzeko irudi bat etorri zitzaien burura: zendu eta biziberritzen zen norbait. Bestalde, heriotzaz mintzatzeko grinaren aurrean dokumentazio lanean hasi zirela aipatu du: “Heriotzaren inguruan geneuzkan ideiak partekatu genituen, guretzat heriotza zen den, nola bizi dugun, nola bizi duten gure ingurukoek…”. Behin ideia hauen oinarria zehaztuta, inprobisatzen eta entseguak egiten hasi ziren, honekin batera dramaturgia bat eraiki ahal izateko. “Gidoia egiteko inprobisazioak egin genituen eta hortik materiala asko atera zen; beraz, galbahea gauzatu genuen, hi-tzak zehaztea halabeharrezkoa baitzen”.

Kamikaz Kolektiboak sortutako antzezlana izan arren, beste hainbat partaide egon dira. Xanti Agirrezabalak Renata emanaldian an-tzezteaz gain, sortze prozesuan ere hartu du parte. Bestetik, bi kolaborazio eduki dituzte; bata, Odei Barroso eta bestea, Xabier Euzki-tze. Barrosorekin aurretiaz lan egin zuten Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obran, eta oraingoan taldearentzat testu bat idatzi du. Euzkitzeren kasuan, aldiz, kolaborazio “txiki” bat izan arren, taldearekin osatutako lana emankorra eta oso ederra izan dela azpimarratu du.

Kamikaz Kolektiboak iaz hamar urte bete zituen, eta, Gaztañagaren esanetan, hezten eta hazten doaz. Publikoari dagokionez ere oso pozik daudela adierazi du: “Hamar urte hauetan publiko bat sortu dugula ikusi dugu; askotan guk uste baino jende gehiago dator emanaldietara, emozioz jasotzen dugun sorpresa bat da”.

Kidearentzat “zoragarria” izango litzateke Renata Euskal Herritik at antzeztea, oztopoak egon arren. “Badago euskararekin antzezlanak bi hizkuntzetan eskaintzeko ohitura, baina euskara hutsean sortzen dugu”, azaldu du. Antzerkigintzan azpidatziak ere existitzen direnez, aktorearen aburuz, ederra litzateke euskal antzerkigintzak joera hori hartzea, euskarak toki askotara bidaiatzeko aukera izango lukeelako. Bitartean, euskaraz Renata ikusteko aukera anitz egongo dira hurrengo hilabetetan: Martxoaren 2an Arrasaten, 11an Bilbon, 16an Aretxabaletan, 21ean Eibarren, 22an Lasarte-Orian eta 23an Oñatin.

2025-03-03T21:44:48+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo