Ikasturte honetan Amaiur ikastolako klaustrokideak disziplina positiboaren inguruko ikastaroa burutzen ari gara Kamy Mateorekin batera. Ikastaro honen helburua errespetuan oinarritutako konponbide egokiak erabiltzen ikastea eta hauetan treba-tzea da. Komunikazio egokia erabiliz gure harremanatzeko modua aldatuko duen prozesua martxan jarriz eta errespetuzko sistema hezitzailean sakontzen jarraituz.
Disziplina positiboak haurren jokabide desegokiak ulertzen laguntzen gaitu, haurrenganako jarrera positiboa sustatuz eta haurrei jokabide egokia edukitzen erakusten die, norberaren buruarenganako ardura hartzen eta pertsonarteko trebetasunak garatzen lagunduz, beti zintzotasuna, estimulazioa eta elkarrekiko printzipioak oinarritzat hartuz.
Disziplina hau martxan jartzeko helduak argi izan behar du bere jarrerak adeitsua eta irmoa izan behar duela aldi berean. Beraz, gehiegizko kontrola eta permisibitatea alde batera utzi beharko ditugu. Elkarrekiko errespetua ezin bestekoa da, gure burua eta umearena errespetatuz eta kolaborazioan oinarrituz, haurrari bizitzan beharrezkoak izango dituen oinarrizko gaitasunak garatzen lagunduko diogu. Horrela gure seme-alaba edota ikasleekin daukagun harremana indartsuagoa izatea lortuko dugu, elkarrekiko konfiantzan oinarritutako harremana garatuz. Honetarako, komunikazio egokia eta eraginkorra ezin bestekoa da, komunitatearen ideia indartu behar da eta umeei gune seguruak eman askatasunez komunikatu ahal izateko.
Disziplina honen funtsa sortzen diren arazoak edo zailtasunak detektatu eta denon artean hauen-tzako erantzun egokia aurkitzean datza, konponbide praktikoak bilatuz. Ez dugu ahaztu behar akatsetatik ikasten dugula, jatorria identifikatu eta gero horren inguruan lan egin beharko dugula. Bestetik, esfortzuari emango diogu balioa eta ez bakarrik arrakastari, haurren autoestima indartuz.