Buscar
Gipuzkoa

Doan bisita itzazu Gipuzkoako museoak

Museoen Nazioarteko Egunaren baitan ekintza bereziak egingo dira Gipuzkoako museoetan
Doan bisita itzazu Gipuzkoako museoak
Escuchar
00:25

Museoen egunagaur, maiatzaren 18an, ospatuko da eta Gipuzkoan `Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde' lelopean hainbat ekintza antolatu dituzte ostiraletik igandera bitartean.

Museoen Nazioarteko Eguna mundu osoan ospatzen da 1977. urtetik, eta, horrenbestez, Gipuzkoako museoek ere bat egiten dute ekimenean parte hartuko duten Amerika zein Ozeaniako, Europa, Asia eta Afrikako, 120 herrialdetako baino gehiagotako 30.000 museorekin, azaldu digu Goizane Álvarezek Gipuzkoako Kale Nagusian. 

Museoen eskaintza

Ohikoa den bezala, gaur, maiatzak 18, museo gehienetan sarrera doan izango da.

Euskal Itsas Museoak erakusketa baten atzean dagoen prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera emango du, gaur egun abian dagoen "Moilak. Tradizioz berritzaileak" erakusketan bisita gidatu bereziak eginda. Ospakizun eguna amaitzeko, arratsaldean, familientzako tailer berezi bat egingo da, bakoitzak bere erakusketa sor dezan. Gaztelaniazko bisita 12:00etan izango da eta, euskarazkoa, 13:00etan. Gainera, arratsaldean, museoak arkeologia deskubritzera gonbidatuko ditu familiak, indusketa baten urratsak aurkituz eta museoetara iritsi baino lehen piezek egiten duten bidea ezagutuz. Jarduera guztiak doan dira, eta erreserba egin daiteke museoaren webgunean bertan (www.itsasmuseoa.eus), telefonoz (943430051) edo posta elektronikoz (komunikazioa@itsasmuseoa.eus).komunikazioa@itsasmuseoa.eus

Igartubeiti Baserri Museoak familiei zuzendutako tailer batekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Familiak gonbidatzen ditu nork bere museoa sortzera, paperez eginda, Aran Santamaría artistaren eskutik, modulu arkitektonikoak, collage teknikak eta pop-art-a erabilita.

Zumakalarregi Museoak, bestalde, tailer bat antolatu du 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, oihalezko poltsak sortzeko Sandra Rodríguez Urretxuko Kotoi paper dendako animatzaile soziokulturalaren eta turistikoaren eskutik. Saioa 16:30ean izango da, museoan bertan; izan ere, hilabete honetan museoak 35. urteurrena ospatzen du. Tailerrak 5,5 euro balio du, eta mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean eman behar da izena. Gainera, bisita gidatua egingo da Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa baserrira, non kokatuta baitago museoa, eta bertako lorategira.

Ekainberrin, bisitarien artean arrakasta handiena duen jardueretako bat berreskuratu dute berriz ere. Horretarako, bisitak argiak itzalita egingo dira eta, horrela, bisitariak arkeologo eta espeleologo bihurtuko dira, eta zaldi multzo handia, bisontearen marrazkia eta hartzarena lehenengo aldiz ikusi zituztenen antzeko sentsazioak biziko dituzte, izan ere, Ekaingo kobazuloa Europako historiaurreko santutegi nagusietako bat da.

Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, berriz, ostiralean, hilaren 17an, ospatuko du Museoen Eguna; larunbatean itxita egoten baita. Horretarako, bi bisita gidatu antolatu dituzte doan, bat 17:00etan gaztelaniaz eta bestea 18:15ean euskaraz. Gainera, zentro horrek piezak maileguan uzteko duen zerbitzua azalduko zaie.

Cristobal Balenciaga Museoak aukera ematen du «Balenciaga.Izaera» eta «Chillida Balenciaga. Forma Tolesten» orain irekita dauden erakusketetara doan sartzeko maiatzaren 18an, 11:00etatik 18:30era bitartean, edukiera bete arte. Horrez gain, doako bi tailer ere eskainiko dira, 6 eta 14 urte bitarteko adingabeak dituzten familientzat, museoaz eta haren edukiaz modu dibertigarri eta aberasgarrian gozatzeko. Plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira. Izena emateko azken eguna maiatzaren 16a da, osteguna (14:00), edukiera osatu arte. Tailerrei buruzko informazio gehiago https://www.cristobalenciagamuseoa.com/aprende/actividades-en-familia/talleres-para-familias /

Bergarako Laboratorium museorako sarrera ere doan izango da larunbatean. Gainera, bi bisita gidatu egingo dira: 10:30ean eta 17:00etan. Halaber, Kataluniako Paleontologia Institutuko Kontserbazio eta Prestakuntza Arloko buru Xenia Aymerch-ek hitzaldi bat emango du 12:00etan "Historias guardadas en frascos" ("Flaskoetan gordetako istorioak"). Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Euskotrenen Burnibidearen Euskal Museoak igandean, maiatzaren 19an ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Museoa 10:30etik 14:00etara bitartean egongo da irekita, eta tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko dizkie bisitariei, honako hauek, hain zuzen: 11:00etan, Vasco-Asturiano tren konpainiako 1004 diesel lokomotorea aterako da, Alsthom enpresak 1965ean Tarben eraikia; 12:00etan, Ferrocarriles Vascongadoseko "Euzkadi" lurrun lokomotoreak, Kraussek Munichen 1920an eraiki zuenak, egingo du joan-etorria; eta, azkenik, 13:00etan, Amorebietatik Gernikarako treneko "Zugastieta" lurrun lokomotorearen txanda izango da, zeina Sharp Stewartek eraiki baitzuen Glasgown, 1888an.

Alkizako Ur Mara museoak erakusketa bat inauguratuko du Museoen Nazioarteko Egunean. Euskadiko 7 eskultorek (Eider Vale, Luisa Aldaburu, Virginia Bosch, Pablo Zuriarrain, Amaia Imaz, Uxue Lasa eta Angel Navas) osatutako erakusketa kolektiboa da. Halaber, Alex Harok (saxo tenorea, saxo sopranoa) eta Gonzalo Encinalek (pianoa) osatzen duten Ura Duok jazz kontzertu bat eskainiko du. Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua. Jarduera honetara joan nahi dutenek helbide elektroniko honetara idatzi behar dute: urmara.alkiza@gmail.com

Zarauzko Photomuseuma larunbatean doan izango da, eta bisita gidatuak egingo dira, bai goizez 10:00etan (euskaraz), bai arratsaldez 17:30ean (gaztelaniaz). Parte hartzeko, 943 13 09 06 telefonoan eman behar da izena.

Irungo Oiasso Museoak, maiatzaren 17an, ostiralean, 19:00etan, Ana María Benito arkeologoaren hitzaldi hau antolatu du: "Una historia sorprendente sumergida en la bahía de Getaria. La nave de Iturritxiki" ("Getariako badian murgildutako historia harrigarria. Iturritxiki ontzia"). Hitzaldi honekin amaitutzat emango da Emakume Arkeologoen Erakusketaren jarduera osagarrien programa. Gainera, maiatzaren 18an, larunbatean, 12:00etan, Zohartu Galan arkeologoak Oiassoko terma publikoetako aztarnategian egindako esku-hartze arkeologikoen berri emango du, eta maiatzaren 19an, igandean, bisita gidatuak egingo dira Xantalen ermitara. Bisita horietan TIR aplikazioa erabiliko da. Ibilbide horri esker, Irungo aurkikuntza arkeologiko nagusiak ezagutu ahal izango dira.

 

 

 
2024-05-18T06:03:41+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo