Actualizado hace 3 minutos
Gasteizko Ganbera Zikloaren 14. edizioa hasiko da igandean, martxoaren 16an, Dolmen Ensemble haize boskoteak eskainiko duen kontzertuarekin. Zikloak zortzi emanaldiko "programazio berezia" eskainiko du urrira arte, ekoizpen propioan eta hiriko egitura musikalaren sorkuntzan oinarritua.
Gasteizko Udaletik adierazi dutenez, "proiektu honen helburua da Gasteizko musika programazioa aberastea eta tokiko musikei ikusgarritasuna ematea, proiektu berriak garatzen lagunduta".
Hain zuzen, iragarri dute bi xede horiek bat datozela Gasteizko Kulturaren Plan Estrategiko berrian jasotako helburuekin, hau da, talentu berriaren sormen prozesua babestea, udalek tokiko kultura eta sormen arloko sektoreari ematen dioten laguntza indartzea eta tokiko sorkuntzen erakustaldia bultzatzea.
Bada, egitaraua zortzi kontzertuk osatuko dute, XVI. mendetik gaur arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eskainiko dutenak, musika herrikoian arreta berezia jarrita. Saio guztiak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira, 12:00etan, martxotik urrira bitarte, eta Carlos Seco izango da zikloaren zuzendari artistikoa.
Dolmen Ensemble (martxoak 16), The New Old (apirilak 6), Helene Garcia Barrenetxea eta Alaitz Artola (maiatzak 18), Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako sarituak (maiatzak 25), Leioa Kantika Korala (ekainak 8), Victoria Ensemble (irailak 7), Trio Klavier (irailak 28) eta Maurice Raveli omenaldia (urriak 12) izango dira zortzi saioak.
Gainera, zikloak beti izan du oso kontuan belaunaldien arteko erreleboa, eta bakarlari gazteen emanaldiak programatu eta eskarmentu handiko musikariekin batera taldetan parte hartzea bultzatu izan du. Horregatik, aurtengo edizioan 'Guridi Gazteak' atala mantendu da, eta kontzertu bakoitzaren aurretik kontserbatorioko ikasleek emanaldi laburra eskainiko dute.
Abonamendu (35 euro) eta sarrerak (7 euro) eskuragarri daude www.entradium.com webgunean, eta kontserbatorioko sarreran ere egongo dira eskuragarri kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagora arte. 30 urtetik beherako ikasleek eta langabeek doan sartzeko aukera izango dute.