Buscar
Gipuzkoa

Donostia | Baso bainuak Japoniatik Donostiara

bertan
EHUko irakasle talde bat Donostiako Miramon parkean baso bainu saio bat egiten.
EHUko irakasle talde bat Donostiako Miramon parkean baso bainu saio bat egiten.

Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, baso bainuen inguruko proiektu pilotu berritzailea abiarazi du teknika hori praktikatzeko hiriko berdeguneak identifikatzeko helburuarekin.

Naturarekin konektatzeko eta osasunerako onura zuzena lortzeko tresna paregabeak dira baso bainuak. Japonian sortu ziren 80. hamarkada hasieran shinrin-yoku izenarekin eta orain Donostiara iritsi dira. Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak apiriletik ekainera arte iraungo duen proiektu pilotua abiarazi dute, baso bainuak egiteko egokiak diren naturgune eta berdeguneak zehazteko helburuarekin.

Euskadi mailan, Bizkaian, Busturialdean bakarrik egiten zituzten lehen horrelako saioak eta hari horri tiraka iritsi ziren hona duela bi urte. "Orduan jarri genuen herritarrek baso bainuak egiteko aukera hori eta egia esan arrakasta handia izan zuen, jende askok eman baitzuen izena", azaldu du Iker Aranberrik, Cristina Enea Fundazioko prentsa arduradunak.

"Izenak dioen bezala, baso bainuak basora joan eta erlaxatzeko teknika moduko bat dira bertako soinuen, usainen eta ukimenaren bidez jasotzen ditugun sentsazioei bidea irekita uzteko. Baso bainuetan aditua den gida baten lagun-tzaz oinutsik jarri eta isilik egoten gara basoan murgilduta egotearen onurak gugan aplikatzeko", zehaztu du Aranberrik.

Frogatuta omen dago shinrin-yoku teknikak tentsio kardiobasularra eta estres maila murrizten duela, "naturarekin harremanetan egote hutsak onura jakin batzuk dituelako".

Aurten, Udaleko Ingurumen Sailarekin elkarlanean, proiektu-pilotua sortu dute baso bainuak egiteko berdegune sare bat sortzeko asmoarekin. "Orain arte egin ditugun baso bainuak Ulian izan dira, baina orain eskaintza hori zabaldu nahi dugu eta Uliaz gain, Aieteko parkean, Ametzagaña parkean eta Miramon parkean ere ari gara saioak egiten", adierazi du.

Proiektu pilotuan +55 taldea (adineko jendeari eskainitako jarduerak antolatzen dituen Udaleko azpitaldea), Emaus Fundazioko emakume talde bat eta EHUko irakasle talde bat ari dira parte hartzen; 30 pertsona orotara. Bi orduko iraupena duten zortzi saio egingo ditu talde bakoitzak, astean bat, ekainaren 14ko astean amaitu arte.

Oihana Orkolaga proiektuaren arduradunaren esanetan, hiru alorretan eragingo ditu onurak parte-hartzaileengan. Batetik, osasunaren esparruan, "osasun-baliabide gomendagarri berri bat izan daitekeelako arazo fisiologikoak edo psikologikoak dituzten pertsonentzat". Bestetik, gizarte esparruan, "desparekotasun, kalteberatasun eta gizarte-bazterketako egoeretan dauden pertsonentzako jarduera egokiak eskaini ahal izango baitira, jakin-mina eta pentsamendu kritikoa, segurtasuna eta konpetentzia, eta taldearen eta naturaren arteko lotura sustatzen baitituzte. Eta, azkenik, ingurumen esparruan, baso bainuen bidez naturarekiko kontaktua berreskuratzea bilatzean, "indartu egiten da herritarren eta natura-ingurunearen arteko lotura, eta naturaren balioa nabarmentzea eta babestea errazten du".

Taldeak aukeratzeko garaian, beraien egoeragatik (adina, bazterkeria egoera edo estresa) baso bainuen onura jasoko zuten kolektiboetan pentsatu zuten. Momentuz, "oso erantzun positiboak" jaso omen dituzte, baina ekainean egingo duten ikerketaren baitan jasoko dituzten inkesten emaitzetan ikusiko dira benetako iritziak. "Ez dakit zer aterako den hemendik, baina gure helburua ekimena beste talde batzuetara ere zabaltzea da", esan du amaitzeko Orkolagak.

2021-05-18T06:01:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo