Buscar
Gipuzkoa

Donostia | Emakume sortzaileen azoka Egian

bertan
Jende ugari bildu zen atzo Teila Fabrikan antolatutako ekintzan.
Jende ugari bildu zen atzo Teila Fabrikan antolatutako ekintzan.

Gabonei begira, Dinagu kolektiboak 'Nomadak Gaitun' azoka ibiltariaren hirugarren edizioa antolatu du, oraingo honetan Donostian, kontsumo jasagangarri eta bertakoa bultzatzeko asmoz.

Gabonak ia bertan dira eta Dinagu emakume sortzaileen elkarteak euren merkatu ibiltarietako bat egiteko aukera paregabea topatu du asteburu honetan. Atzo eta gaur bitartean, Nomadak Gaitun azokaren hirugarren edizioa ospatuko da Egiako Teila Fabrikan.

Bertan, 34 proiektu ezberdinek izango dute presentzia, bi egun horien artean banatzen direlarik. Larunbatean 18 emakume sortzailek erakutsi zituzten euren produktuak eta gaur, beste 18k (bi pertsona bi egunetan izango dira). Moda, osagarriak, bitxigintza, kosmetika, zeramika, ilustrazioa, haurrentzako produktuak, ipuinak... Hainbat kategoriatako ekoizkinak izango dira salgai.

Taldearen eta, beraz, egitasmoaren oinarrietako bat "kontsumo kontzientzia bultzatzea da", Ilazki Lili Arrue, antolatzaileetako batek, kontatzen duenez. "Nomadak Gaitun hainbeste garen emakume sortzaile guztien proiektuei ikusgarritasuna eman nahian sortu zen", adierazi du Arruek; beste hitz batzuetan esanda, Euskal Herrian modu lokalean eta jasangarrian ekoiztutako alternatibak daudela ezagutarazteko.

Elkartea erlatiboki "sortu berria" da. Jada hiru urteko ibilbidea darama, baina hasiera batean ekintza puntualak aurrera eramateko lau sortzailez osaturiko taldea zenak azken urtean izan du mugimendu handiena. Izan ere, aurreko urteko gabonetan jaio zen Dinagu 2.0 dei daitekeena, erosketa lokalak egiteko ekimen digital bat bultzatzearekin batera.

Horren harira, sei emakumez osaturiko "talde motorea" eratu zen, proiektu honen oinarrian daudena. Horrez gain, beste sortzaile batzuek bideo edo irudigintza bezalako ekintzetan laguntzen diete. Eta ondoren, azoka bakoitzean parte hartzeko intentzioa helarazten dien emakumeak egongo lirateke. "Sare bat sortzen ari da", baieztatu du Arruek; "gure asmoa modu kolektibo batean mugitzea da", dio.

Bigarren etapa honetan sortu eta gauzatu da azoka ibiltaria egitearen ideia. Hala, pasa den udan jaio zen Nomadak Gaitun; uztailean ospatu zen lehen edizioa, Azpeitian, eta irailean bigarrena, Gernikan. Dinaguren intentzioa Euskal Herrian barrena hainbat geltoki izaten joatea da.

Asteburu honetakoa Gipuzkoan egiten den bigarren merkatua da. Tokiak xarma berezia dauka Dinagutarrentzat; "guretzat erreferentzia asko duen espazioa da, bertan eragile, elkarte, kooperatiba eta enpresa txikiak elkartzen" baitira, eta "denetik egiten da bertan", Arrueren esanetan. Ohikoa da leku honetan hainbat kultur ekintza gauzatzea.

Azokaren antolaketaren hasierako fase batean, deialdi bat egin zuen kolektibo honek sare sozialetan, parte hartu nahiko luketen emakume sortzaileak animatzen zituelarik. Izen-ematearen ostean, orain arte egindako ekintza zabalena osatu dute, 34 proiekturekin. Antolaketako beste prozesu batzuk Teila Fabrikarekin elkarlanean gauzatzeko aukera izan dute; horrez gain, Festa Batzordeak "laguntza eskaini" die, hainbat material utziz.

Aurreko edizioetan, sortzaileez gain, beste emakume kolektibo ba-tzuk ere bertaratu ziren, hala nola, emakume ekoizle talde bat, euren jakiak kozinatu zituelarik. Oraingo honetan, baina, espazioaren kasuistikak ez du ekintza gastronomikorik gauzatzeko baliabiderik ezartzen. Alternatiba gisa, Teila Fabrikaren parean dagoen Koxkorrio tabernan Nomadak Gaitun izeneko pintxoa izango da eskuragarri asteburu osoan zehar. Horrez gain, Garraxi tabernako kideak laguntzaile bezala izango dituzte eta Dinagutarrek bertan bazkalduko dute gaur, atzo egin zuten bezala.

Azoka honetarako sarrera doakoa da, baina Arruek aforoa dagoela gogorarazten du, "egoerak eska-tzen duen moduan". Beraz, "jende dexente badago", neurri hori errespetatu beharko da. Ordutegiari dagokionez, atzo zatikatua izan zen, 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.30era; gaur, berriz, jarraia izango da, 11.00etatik 18.30ak arte.

"Kontsumo joera handiko garaia" omen da Gabonen ingurukoa, Arruek baieztatu duen lez, eta urtero plazaratzen diren zifrek berresten duten bezala.

Horren aurrean emakume ekoizleen kolektiboak bi kanpaina jarri ditu martxan, Nik bertakoa erosten dut eta Nik bertakoa oparitzen dut, alegia, herritarrak bertakoa kontsumitzera anima daitezen, jasangarritasuna gogoan dutelarik. "Euskal Herrian bertan badaude alternatibak eta, izan Gabonetako opari, erregalu propio edo bazkari, begiratu zer dagoen inguruan eta, ahal den neurrian, bertakoa kontsumitzen saiatu", dio Arruek. Horixe da Dinagutarren deialdirik garrantzitsuena.

Emakume sortzaileak

AmesgileIpuinak

HamarratzDiseinua

Suma FlowersOsagarriak

AgaraBitxigintza

LohiartZeramika

Amlu StudioBitxigintza

Kaori FaktoriaModa

Ione LarragoIlustrazioa

Jone TabernaIlustrazioa/Bitxigintza

MarrakModa

Lavandula CosméticaKosmetika

BizikiModa

AnaloOsagarriak

NauenaDekorazioa

Ta PunttuOsagarriak

Amalur ProduktuakModa

Ninia NereaHaurren Produktuak

Luma Moda EtikoaOsagarriak

Zura TreeHaurren produktuak

Gigil DesignBitxigintza

Mr LaspiurBitxigintza

Taiday StudioBitxigintza

Berexi ArtIlustrazioa

AlaiartIlustrazioa

Txakur GorriaIkus-entzunezko sorkuntza

Malen AmenabarIlustrazioa

EhuleModa

MaridomingiModa

OiheleModa

Koöl StudioModa/Osagarriak

ZizkamizkaHaurrentzako produktuak

Itzal DiseinuaOsagarriak

Kiribil ZeramikaZeramika

TitontziakZeramika

Moda, osagarriak, bitxigintza, zeramika, ilustrazioa eta haurrentzako produktuak izango dira, besteak beste

Emakume elkarte honen nahia bertako produktuak kontsumitzea da, era jasangarri batean

2021-12-20T12:16:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo