Gipuzkoa

Donostia: Zero Plastik etorkizunera begira

bertan
Donostia: Zero Plastik etorkizunera begira

Sardina-banaketaren ekitaldiak jarraipena eman dio Klima DSS 2050 Planaren barruan garatutako ekimen honi.

Donostiako Udalak "puntu eta jarraipen" bat eman zion atzo ekainean zehar garatu den Donostia Zero Plastik ingurumen-kanpainari. Pleno aretoan egin zen ekitaldi baten bidez, ekimenean parte hartu duten hiriko agenteek sardina baten irudia duten kutxatxoak jaso zituzten, zaindu behar den itsasoaren sinbolo gisa.

Zero Plastik-ek erabilera bakarreko ontzien gehiegizko erabilera eta hondakin horiek ingurumenean eragiten duten kaltea hartu ditu kontuan, eta ekainean zehar ekimen ugari garatu dira Donostia hiri jasangarriagoa izan dadin.

Klima DSS 2050 Planaren ildoan garatu dute proiektua eta hiriko hainbat agentek hartu dute parte; besteak beste, supermerkatu eta merkatariek (San Martin azoka, San Sebastián Shops, Garbera-Eroski, Mercadona eta Super Amara); hotelek (Maria Cristina, Mercure Monte Igeldo, Lasala Plaza, Zenit, Olarain eta Aparture) ekitaldien antolatzaileek (Donostia Festak, Donostia Turismoa, Musika Hamabostaldia, Fortuna Kirol Elkartea eta Donosti Cup) eta Boluntariotza Herritarren Ecolimpiezak.

"Ekitaldi honekin ez da kanpaina itxiko, ez da hilabete bateko hainbat jardueren amaiera. Kanpainaren helburua herritarrengan eztabaida sortzea izan da, guztioi dagokigun eta gure eguneroko ohiturak aldatzen jarraitu behar duen arazo baten aurrean gogoeta egitea: ez dira hainbeste plastikozko ontzi behar gure bizitzan. Guztiok gaude inplikatuta hondakin horien kudeaketarekin", azaldu zuen Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak ekitaldian.

Zero Plastikek hainbat ekimen hartu ditu bere baitan hilabete honetan zehar. Urumea ibaiaren garbiketak antolatu dira Arrauningekin eta ikastetxeekin; boluntarioek Ulia eta Saguesen garbiketak egin dituzte, eta tuperrak banatu dira arrandegietan plastikoa saihesteko.

Era berean, egun hauetan Santa Klara uharteko eta Ondarretako tabernetan ontzi berrerabilgarrien erabilera ezarri da, hondartzetan erabilera bakarreko ur-botilak ugaltzea saihesteko. Bezeroek iturriko ura eduki ahal izango dute botila batean, eta botila hori ordaindu egin beharko dute. Ontzia itzultzean, ordea, dirua berreskuratu ahal izango dute. Zurriolako hondartzan, halaber, bisigu erraldoi bat jarriko da Emaus Fundazioarekin lankidetzan barruan plastikoak uzteko, bai hondartzara eramaten direnak eta baita itsasoak ekartzen dituenak ere.

parte-hartze zabala Hirian publikoki ekintza orokor horiek egin badituzte ere, agente bakoi-tzak bere esparruan egin dio ekarpena proiektu honi. Super Amarak, adibidez, frutak eta barazkiak erosten dituzten bezeroei plastikozko poltsak ez erabiltzeko gonbidapena egin die, zuzenean etiketa produktuaren gainean jarriz. Bestalde, telazko poltsa solidarioak ere atera dituzte. "Poltsa horiek saldutakoan ateratzen dugun dirua Juneren Hegoak elkartera bideratuko dugu. Errenterian dago eta gaixotasuna duten haurrek eta euren familiek osatzen dute", azaldu zuen Gotzone de Miguelek, Super Amarako Giza Harremanetako arduradunak.

Lasala Plaza hotela Zero Plastik ekimena iritsi baino lehen hasi zen arlo honetan lanean. "Lehengo urtean Donostiako enpresa batekin harremanetan jarri ginen hotelean nolako hondakinak sortzen genituen aztertzeko. Lagin batzuk atera genituen ikusteko daukagun jende kopuruaren arabera zenbat hondakin sortzen dugun eta argazki horrekin, enpresa horrek plangin-tza bat egin digu jasangarritasuna bultzatzeko neurriak martxan jarri ahal izateko", adierazi zuen Mikel Zaldua zuzendariak.

Lasala Plazako langileak dagoeneko hasi dira horretan lanean, batez ere barrura begira. "Gure langileek konbentzituta egon behar dute birziklapenaren garrantziaz; bestela, behartuta egingo bagenu, epe laburreko bidea egingo genuke. Beraz, lehenengo formakuntza saioak egin ditugu eta orain pixkanaka barneratzen ari gara nolako neurriak hartu behar ditugun guztia jasangarria izateko", zehaztu zuen Zalduak.

Boluntariotza Herritarraren Ecolimpiezako kideek ere gustura hartu dute parte kanpaina honetan. "Boluntario lana egiten duten hiritarrek osatutako talde bat garenez eta asteburutan mendi eta lorategietan plastikoa jasotzera joaten garenez, egokia iruditu zitzaigun ekimen honekin bat egitea", azaldu zuen Mª Mercedes Martínez boluntarioak.

Ulia eta Igeldo mendiak garbitzen aritu dira Ecolimpiezakoak ekainean zehar eta horrez gain, Martínezen alaba, Amets Viola, izan da Udalak Zero Plastiken inguruan egin duen bideoari irudia eta ahotsa eman diona, "ingurumenarekin konprometituta dagoen eta gauzak aldatu nahi dituen gazteria" irudikatuz.

"Telazko poltsak saltzen ateratako dirua Juneren Hegoak elkartearentzat izango da"

gotzone de miguel

Super Amarako ordezkaria

"Formakuntza saioak egin ditugu eta hartu behar ditugun neurriak barneratzen ari gara"

Mikel zaldua

Lasala Plaza hoteleko zuzendaria

"Asteburutan plastikoa jasotzera joaten garenez, egokia iruditu zitzaigun ekimenarekin bat egitea"

Mª mercedes martínez

Ecolimpiezako boluntarioa

27/06/2021