Deportes

Donostiako bandera Kanchenjungaren tontorrera bidean

Castiñeyra munduko hirugarren gailurrik altuenaren tontorrean astintzen saiatuko da
Martin Ibabe eta Iñigo Castiñeyra, atzo udaletxean

Iñigo Castiñeyra alpinista donostiarra apirilaren 9an, igande santuaren egunarekin abiatuko da Donostiatik Katmandura; bertan, beste bost alpinistaz osatutako espedizioarekin bat egin, eta munduko hirugarren gailurrik altuenera iristen ahaleginduko da. Donostiako Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek eta alpinista donostiarrak atzo aurkeztu zituzten Donostiako udaletxean, Castiñeyrak Gipuzkoako hiriburuko bandera tontor horretara eramateko baliatuko duen espedizioaren xehetasunak.

Martin Ibabek nabarmendu zuenez, “Donostian 8.000 metroko tontor gehien dituen alpinista dugu Iñigo Castiñeyra. 2022an, urteko alpinista gipuzkoar onenaren saria jaso zuen, eta Udalak berak ere, aurreko urteko kirolari donostiar aipagarrienei ematen zaien Urrezko Kirol Txartela luzatu zion”.

Tontorra iristeko ahaleginaren inguruan zera aipatu zuen Ibabek: “Zalantzarik gabe, Donostiako bandera planetako gailurrik enblematikoenetako batean ikustea harro egoteko modukoa izango da”; eta zorte ona opa zion alpinista donostiarrari.

Bestalde, Iñigo Castiñeyra hunkituta agertu zen “nire hiriko bandera Kanchenjunga mendiaren tontorrera eraman ahal izatearekin”. Biziki eskertu zion Udalari eskainitako babesa, eta seguru agertu zen prentsa aurrean: “Espedizioa osatzen dugun seiok, bi alpinista nafar, Andorrako beste bi eta katalan bat, talde indartsua osatu dugu. Elkarrekin tontorrera iristeko gauza izango garela iruditzen zait, eta bertatik gure bandera munduari erakutsi nahi nioke”.

Aurreikuspenak betez gero, espedizioa maiatzaren amaiera aldera iritsiko litzateke gailurrera.

28/03/2023