Gipuzkoa

Donostiako Piratak: 20 urtez festa eraldatzen

Bi hamarkada eman dituzte Aste Nagusi alternatiboa antolatzen eta, pandemiaren ostean, aurtengoan aste osoko programazioa berreskuratuko dute, abordaia ekitaldi nagusia izanik
Donostiako Piraten abordaia 2019. urtean, pandemia aurretik egin zen azkeneko edizioa. Aurtengoan, berriz, datorren astelehenean ospatuko da.

Donostiak ez du Aste Nagusi bakar bat. Orain dela 20 urte, 2003ko abuztuaren 11n, Donostiako Piratak hiriko jaien eredu alternatibo bat, jai herrikoiena, aldarrikatzeko uretaratu ziren lehen aldiz. Ordutik, urtero atera dira badia abordatzera, hutsik egin gabe, Aste Nagusiaren ereduaren eraldaketa posiblea dela frogatuz.

Biba festa! Biba eraldaketa! lelopean, haien urteurrena ospatzen ari diren honetan, Piratek beraien helburua ez dela aldatu aldarrikatu nahi izan dute: Donostiatik “bota egin” nahi dien hiriaren zati horri aurre egiteko eta komunitate herrikoia indartzeko tresna festa izango da beti. Eta festen osagai nagusietako bat musika denez, kantak izango dira aurtengo protagonistak.

Baina Piraten jaialdian, beste funtsezko osagaia eraldaketa soziala izan da beti. Beraz, aurten Ezkila kapitaina eta Matti laguntzailea euren txalupa Donostiako kaian amarratzen dutenean, festaz gain balioak ekarriko dituzte besapean.

Festa hauen txupinazoa botatzeko ohorea Piraten baloreekin bat egiten duten kolektibo herrikoi desberdinena izaten da, eta oraingoan Bilgune Feministako kideak izango dira jaiei hasiera emateaz arduartuko direnak. Izan ere, Piraten antzera, 2022an, 20 urteko jarduna beteko du kolektibo feminista honek Euskal Herri burujabe eta parekide baten aldeko borrokan.

Azken finean, eraldaketa soziala da Aste Nagusi Pirataren helburu nagusietako bat. Antolakuntzarentzat, “festa ez da gertakari isolatu bat”, jaiak ospatzen dituen gizartearen errealitatea islatzen dute eta, aldi berean, hauen antolaketan eta partaidetzan sortzen diren loturak eraldatzaileak izan daitezke.

Astebeteko programa

Pandemiak baldintzatu dituen bi urteen ondoren, Piratek aste osoko egitaraua berreskuratuko dute datozen egunotan. Horretarako, Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan mota askotariko ekintzak aurreikusten ditu programa alternatiboak: muxikoak, bertso saioak, kalejirak, elektrotxaranga, jolasak, herri bazkariak… Mugimenduaren ikur bihurtu den abordaia bueltan izango da ere bai. Abuztuaren 15ean, beraien baltsekin aterako dira Piratak badietako uretara.

Haurrentzat pentsatutako jarduerak ere antolatu dira programa honen baitan, txikiek partxea jan-tzi eta pirata sentitzeko aukera izan dezaten. Haientzat propio antolaturiko egitaraua izango dute ostegunean, hilaren 18an: erromeria, jolasak, bazkaria eta abordatze txikia.

Tokiko musikariak 

Flamenka eta Trinitate plaza guneetan musika eskaintza oparoa prestatu dute Piratek datozen egunotako gauetan. Bertako musikariei lehentasuna emanez, kartel anitza, euskalduna eta parekidea osatu dute.

Alde batetik, Piraten festen filosofiarekin aspalditik bat egin duten taldeak gehitu dira kontzertuen programaziora: adibidez, La Jodederea, Skakeitan (bere agur biran murgildurik daude) edo Aste Nagusi honetarako berriz bildu den 3gabe2 taldeak.

Bestalde, orain dela gutxi osatu berri diren Merina Gris zein Alargun Beltzak, edo Herenegun eta Onki Xin taldeen gisako banda gazteak izango dira ere Piraten programazioaren kontzertuetan. Ohiko kontzertu eredutik aldenduta, Broken Brothers Brass Band, DJ Miau eta Lagunak edota Brava-k eskainitako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da ere.

Kontzertuen programaz gain, musikak protagonismo berezia izango du Aste Nagusi Pirata honetan. Izan ere, jai alternatiboen 20. urteurrena ospatzeko, Physis versus Nomos taldeak abesti ofizial bat sortu du Piratentzako: Aurtzaka goaz. Ez da festa hauetarako konposatzen den lehenengo kanta:2004. urtean Abordatzera kaleratu zuten Jon Elizalde Goñi musikariaren eskutik, eta 2012. urtean, jai herrikoien aldeko mugimenduak hamar urte betetzen zituela eta, Mundu berri baten mapa plazaratu zuten, Gaztelumendi anaien eta Skakeitan taldearen eskutik.

Jai feminista

Donostiako festetan eraso sexistei aurre egiteko protokoloetan sakontzea Piraten kezketako bat izan da beti. Erasoak salatzeko eta artatzeko Puntu More bat jarri zuten martxan osasun krisiaren aurretik ospatu ziren jaietan, eta azkar bihurtu zen erreferentziazko zerbitzu bat. Izan ere, 2019an Piraten gunetik kanpo getatutako eraso matxista ugari salatu ziren bertan.

Hala ere, erasoen ostean arreta hobea ematen jarraitu nahi dute Piratek, eta horregatik aurten Donostiako Udalari eskaera eta proposamen konkretua egitea erabaki dute:hirian zehar erreferentziazko zenbait gune martxan jartzea. Hilabetetako elkarlana eta gero, Udalak lehen aldiz sala-tze beharrei kalean erantzungo die, Bulebarreko ohiko puntu informatiboan. Piratentzako planteamendu honek “hutsuneak” baditu ere (“hirian gune bakarra izango da, profesional gutxirekin”), argi utzi nahi dute gunearen koordinazio eta osaketan laguntzeko prest daudela. Datozen urteei begira ere, arreta osoagoa eta feministagoa artikulatzeko konpromisoa adierazi dute “inolako erasorik gabeko jaiak izan ditzagun”.

Aurtzaka Goaz

Physis versus Nomos taldearen moldaketarekin, Beñat Antxutegik konposatutako Aurtzaka goaz abestia Piraten 20. urteurrenaren kanta ofiziala da. Hala dio:

Zergatik ez dugu onartzen agindurik? / Ezkila da gure kapitaina / Kofradion itsasargi / Enbatan dugu gidari

Aingurek lotzen gaituzte itsas ondora / Askatzeko boga egin behar / Indarrez denen artean / Arraunlarien antzera

Ez dugu izan nahi kortsario / Ez ginen hortarako jaio / Erabakitzen ez badugu itotzen gara / Postal honetan gatibu / Askatasuna ez digu / Kenduko badia hontako gobernariak

Herri bizirik gabeko hiri hontan / Haizearen kontra sigi-saga gotore / Jauntxoen aurka borrokatuz jaiak / Donostiako Piratak auzolanari tira

Ez dugu izan nahi kortsario...

Abant goaz beti libreki/ 

Ezingo gaituzte erauntsi / Korrontearen kontra jo arren aurrera goaz / Bandera piratak haizatuz / Azalean kresala dastatuz / Izerdiek merezi dute

Aurtzaka goaz

MUSIKA FLAMENKAN



larunbata 13

23.05 LAIOTZ

igandea 14

21.30 PHYSIS VS NOMOS 

00.30 KEROBIA

astelehena 15

20.00 BROKEN BROTHERS BRASS BAND

23.05 ZEA MAYS 

asteartea 16

18.30 ALARGUN BELTZAK

23.05 DJ MIAU

asteazkena 17

23.05 SKAKEITAN

ondoren,

 3GABE2

osteguna 18

23.05 EZPALAK

ondoren, 

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO 

ostirala 19

23.05 LA FURIA

ondoren, 

MERINA GRIS

larunbata 20

23.05 DUPLA+ALVVA

ondoren, 

BRAVA

Etiquetas
13/08/2022