Duela 56 milioi urte gertatutako berotze globala ikertu egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia sailak, Lleida eta Huescaren arteko mugan kokatutako espazioan.
Ikerketan ondorioztatu dute orduko berotze globalak hiru fase izan zituela, eta fase horietan prezipitazioen banaketa desberdina izan zela. Gaur egungo klima-aldaketaren ondorioak aurreikusteko erabiltzen diren eredu matematikoak doitzeko baliagarri izan daitezke datuok.
Duela 56 milioi urte, karbono ugari isuri zen atmosferara eta ozeanoetara, eta, ondorioz, berotze global bortitza gertatu zen: Paleozeno-Eozenoko Maximo Termiko deritzo, eta gaur egungo berotze global antropogenikoaren antzinako analogotzat jo ohi da. “Orduko berotzearen jatorria edo eragilea desberdina izan arren, prozesua oraingoaren oso antzekoa izan zen, eta, horregatik, gaur egungo berotze globalaren antzekotzat hartzen da. Jakina da klima berotu zela, baina klima-aldaketarekin berotzea ez den beste aldaketa batzuk ere gerta daitezke. Zehazki, aztertu nahi izan dugu baldintza hidroklimatikoak nola aldatu ziren orduan, prezipitazioei dagokienez”, adierazi du Aitor Payros UPV/EHUko Geologiako doktoreak.
Tremp-Graus arroan (Lleida eta Huescaren arteko mugan) Paleozeno-Eozenoko Maximo Termikoan latitude ertainetan erregistratutako aldaketa alubial eta hidroklimatikoak ikertu ditu UPV/EHUko Geologia Sailak, eta ondorioztatu dute orduan gertatu zena gaur egun Iberiar penintsularen hego-ekialdean dagoeneko gertatzen hasita dagoenaren antzeko zerbait izan daitekeela. Horretarako, eskualdeko datu historikoak bildu dituzte, eta ikusi dute antzekotasunak badaudela, bai geografikoki, baita hidroklimari dagokionez ere.
Aitor Payrosek dioenez, “ikusi dugu berotze globalaren ondorioz prezipitazioen urtaroaren araberako banaketa aldatu zela, eta, gainera, zenbait fasetan aldatu zela. Hasieran, prezipitazioak hilabete gutxi batzuetan kontzentratzen ziren, udazken inguruan; gero, urtean zehar era homogenoago batean banatuz joan ziren. Azken fasean, berriz, lehorterako joera izan zen”. Payrosen iritziz, “ezin esan dezakegu berotze globalaren ondorioz tenperaturak igotzen direla, edo prezipitazioak bortitzagoak gertatzen direla, besterik gabe. Gauzak ez dira horren sinpleak. Aldaketak gertatzen dira, baina aldaketek ez dute irauten bere horretan berotze globalak dirauen denbora osoan zehar. Berotze globalaren barruan, zenbait fase egon daitezke”.
Iraganari begiratu, etorkizuna iragartzeko
“Ikusi dugu orduko berotze globalaren hasieran urtaroen arteko kontrasteak areagotu egin zirela, prezipitazioei dagokienez. Alegia, prezipitazioak udazken inguruan pilatzen ziren (ekaitzak izaten ziren maiz, eta uholde handiak), eta gainerako hilabeteetan lehorraldiak izaten ziren. Eta hori da, hain zuzen, datu edo erregistro meteorologikoak ikusita, azken hamarkadetan, eta azken mendean ere, Iberiar penintsularen hego-ekialdean gertatzen ari dena: euri-jasa handiak geroz eta ugariagoak dira udazken inguruan eta uda bukaeran, eta orain dela 100-200 urte ez ziren hainbeste gertatzen”, dio Payrosek.
Ikertzaileak adierazi du ez dagoela jakiterik etorkizunean Iberiar penintsularen hego-ekialdean zer gertatuko den, “baina suposatzen badugu Lurrak modu berdintsuan erantzuten diela fenomeno berberei edo antzeko fenomenoei, pentsa liteke agian etorkizunean prezipitazioen urteko banaketa homogeneoagoa bihur daitekeela penintsularen hego-ekialdean edo antzeko klima daukaten beste eskualde batzuetan”.
Paleoklimak aztertzeak izan dezakeen balioa aldarrikatzen du Payrosek: “Antzina gertatu zena ikusten dugu guk. Eta gertatu zen hori behin eta berriz errepikatzen bada, hau da, Lurrak beti modu berean erantzuten badie fenomeno batzuei, pentsa daiteke etorkizunean ere modu berean funtzionatzen jarraituko duela”. Halako ikerketek etorkizunerako aurreikuspenak egiteko balio dezakete: “Klima iragartzeko erabiltzen diren eredu informatiko edo matematikoak gai direnean antzinako berotze globaletan izan ziren fenomenoak erreproduzitzeko, orduan gai izango dira etorkizunean gertatuko diren aldaketak aurreikusteko. Gure datuekin doitu egin daitezke eredu informatiko eta matematiko horiek”.