Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Durangon ere badaude herritar batzuk kalera irteten direnak herria kantuz alaitzera. Horren erakusle da Egundo I elkartea, aspaldi sortutako taldea. Orain, Durangoko Orfeoiaren eta Udalaren laguntza eta babesarekin, Durango Kantari ekimena sortu berri dute, kaleko giroa abestiz animatzeko. Helburua, bi hilerik behin kalera abestera irtetzea da eta estreinaldiko emanaldia igande honetan izango da, hilak 26, goizeko 11.30ean Andra Maritik abiatuta. Bertan 98 kantuz osatutako liburuxka banatuko da eta parte hartzaile guztien artean, kaleko giroa abestiz alaitzen saiatuko dira. “Asteazken guztietan batu egiten gara eta noizbait ausartu izan gara Durangotik gure emanaldiak ematen eta halako baten Udalak deitu egin zigun eta hemen gaude. Ez dakigu zer pasatuko den, baina gu oso pozik gaude eta ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko gara”, aurretatu zuen Egundo I taldeko Ramón Castillo kideak.
Ekimena aurkezteko asmoz, talde honetako ordezkariek eta udal arduradunek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo goizean. Bertan ekimenaren xehetasunak eman zituzten. “Ikusi genuen beste herri batzuetan horrelako kantu tradizionalak babesteko proiektuak martxan daudela eta aproposa iruditu zitzaigun Durangora ekartzea. Uste genuen ekimen interesgarria izan zitekeela elkarteen lana bultzatzeko eta kaleko giro hori berreskuratu eta alaitzeko”, adierazi zuten udal ordezkariek.
Durango Kantarik, euskal kantutegi tradizionala, modernoa eta beste hizkuntza batzuetako abestiak lau haizetara zabaltzeko aukera emango du. “Egindako liburuxkan guk abesten ditugun kanta guztiak daude: ingeleses, katalanez, erderaz… baina batez ere euskal kantak daude”, gehitu zuten. Horrela, Gatibu, ETS, Nacha Pop edota Hertzainak taldearen abestiak izango dira kantutegian. Ospakizun hau bi hilerik behin ospatuko da, hileko azken igandean, eta hurrengo saioak, beraz, apirilean, ekainean, abuztuan, urrian, abenduan izango dira.