Durangoko Udalak antolatutako Aurrekontu Partehartzaileen artean proiektu berri bat ageri da. 69 proposaturiko proiektuen arabera Durangoko biztanleek trenbide zaharraren trazadura berreskuratzea erabaki dute. Aurtengo prozesua lau fase ezberdinetan banatu da eta guztira 1.469 durangarrek parte hartu dute.
Izan ere, aurtengo Aurrekontu Partehartzaileek berritasun bat ekarri dute, proiektu orokor batez gain (200.000 euroko partida) herriko sei gune edo auzoetan inbertsio ezberdinak egingo baitira (600.000 euro).
Modu horretara, San Roken Otamotzena parkea argiztatu eta txintxaunak jarriko dira. San Fauston, berriz, haur parke berria egitea aukeratu dute durangarrek. Landako auzoko Ibaizabal parkean haur parke berria egitea erabaki da. Madalenan, bertako ermita erabilera sozialetarako egokitzea bozkatu dute durangarrek. Erdigunean, berriz, zebrabideetako pasabideak hobeto argiztatzea aukeratu da. Bukatzeko, Tabiran haur eta gaztetxoentzako ur parke bat jartzea aukeratu dute durangarrek.
“2019ra arte Durangon ez zen horrelako prozesurik existitzen, eta laugarren edizio honetan ikusi dugu dagoeneko Aurrekontu Partehartzaileak egonkortu egin direla eta herritarrek Durango hobetzeko tresna erabilgarri gisa ikusten dituztela. Udal honentzat oso garrantzitsua da durangarrei ahotsa eman eta euren iritziak ezagutzea, beraz aurrerantzean ere beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditugu partehartzea sustatzeko”, adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziek.
Puntuazio sistema
Prozesu honetan zenbait durangarren arrakala digitala gainditzeko webguneaz gain puntu fisikoak ere prestatu dira eraikin publikoetan. Parte hartu ahal izateko baldintzak izan dira pertsona horrek 14 urtetik gorakoa izan behar duela eta Durangon erroldatuta egon behar duela.
Pertsona bakoitzak, NANarekin identifikatu ondoren, hiru proposamen bozkatu ahal izan ditu guztira, puntuazio sistemaren bidez (3, 2 eta 1 puntu). Puntu gehien lortu dituzten proiektuak 2023ko Aurrekontuetan gehituko dira.