Asteazken honetan, azaroak 2, martxan jarriko ditu Durangoko Udalak Gastrobonoen eta Komertzio Bonoen kanpainak. Ekimen hau koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko sortu zen lehendabiziz duela urtebete baino gehiago, eta orduan izandako arrakasta kontuan izanda, kanpainaren edizio berri bat kaleratzea erabaki du Udalak. Horren helburua tokiko ostalaritza-establezimenduetan eta saltokietan erostea sustatzea da.
Jatetxe, taberna eta denda ezberdinetako ordezkariek bonu hauen nobedadeak aurkeztu dituzte Ima Garrastatxu alkatearekin eta Julian Rios alkateordearekin batera. Bonu horiekin 20 eurorainoko deskontua izango da kanpainarekin bat egin duten negozioetan.
Bonuak azaroaren 2tik aurrera eros daitezke webgune honetan zein Turismo Bulegoan eta Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan dauden herritarren kutxazainetan. Arrakala digitala saihesteko, 65 urtetik gorakoek modu presentzialean erosi ahal izango dituzte bonuak Turismo Bulegoan.
“Udalak apustu argia egiten du tokiko merkataritza eta ostalaritzaren alde, eta horretarako beharrezkoa da baliabide teknikoak eta ekonomikoak eskaintzea. Bonu hauek negozioei zein bezeroei lagunduko diete, bertako taberna, jatetxe eta dendetan kontsumoa sustatuz”, Garrastatxuk eta Riosek azaldu dutenez.
Horri dagokionez, datorren urterako Aurrekontu proiektuan, gobernu taldeak aurreikusten du 707.021 euro bideratuko dituela Merkataritza, Turismo eta ETEen arlora, hau da, %172ko igoera 2019ko aurrekontuekin alderatuta, orduan 259.884 euro bideratu baitziren. “Argi dugu tokiko ekonomiaren aldeko apustuan hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugula, eta hori da egiten ari garena, arlo horietarako partida %172 handituz”, gaineratu dute alkateak eta alkateordeak.
Gastrobonoak eta Komertzio Bonuak
Gastrobonoei dagokienez, 5.200 bonu eskainiko dira, eta 10 euroren truke 15 euroko bonua erosi ahal izango da. Pertsona bakoitzak gehienez 4 bonu erosi ahal izango ditu, eta, guztira, 20 euroko deskontua lortu ahal izango du. Diruz lagunduko dira 2022ko azaroaren 2tik 30era bitartean egindako erosketak, bi egunak barne. Guztira, 26.000 euro bideratuko dira gastrobonoetara.
Komertzio Bonuei dagokienez, aurtengo hirugarren edizioa izango da. Kanpaina honetarako beste 25.000 euro erabiliko dira, eta 5.000 bonu aterako dira salgai. Hauetan ere 10 euroren truke 15 euroko bonua erosi ahal izango da, eta pertsona bakoitzak gehienez 4 bonu erosi ahal izango ditu. Diruz lagunduko dira 2022ko azaroaren 2tik 30era bitartean egindako erosketak, bi egunak barne.
Establezmenduak atxikitzea
‘Gastrobono’en anpainara gehitu ez diren negozioek ere epea irekita daude oraindik. Durangon kokatutako ostalaritza establezimenduak izan beharko dute, eta horien titularrak indarrean dagoen udal irekierako lizentzia edo baliokidea izan beharko du, jatetxeak, bazkariak eta pintxoak eskaintzeko, I, II, III, IV edo C taldeen barruan (osagarriak).
Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo egoitza elektronikoan eman ahal izango dute izena.