Cultura

Durangoko Azokak 930 nobedade eta 250 kultur ekitaldirekin eztanda egingo du

57.edizioak 670.000 euroko aurrekontua izango du eta 248 stand eta 176 partehartzailerekin irekiko ditu ateak abenduaren 7tik 10era bitartean
Durangoko Azoka abenduaren 7an Ikasle Goizarekin irekiko da

Gero eta gutxiago falta da Durangoko Azokak bere 57.edizioari hasiera emateko. Azken bi urte bereziren ostean, Azokak ohiko formatua berreskuratuko du eta gaur goizean, abenduraren 7tik 10era bitartean, izango diren egitarau eta nobedade guztiak aurkeztu dira. Besteak beste, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago ekarriko ditu.

Bartolome Ertzilla Musika Eskolan antolatutako prentsaurrekoan, Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak, atez joka dagoen edizioaren xehetasunak azaldu ditu Azokaren guneen arduradunen laguntzarekin: Martxel Zubia (Saguganbara), Johana Olabarria (Irudienea), Arantza Arrazola (Szenatokia), Miren Narbaiza (Ahotsenea), Diana Franco (Kabi@) eta Izaskun Ellakuriaga (Talaia). “Euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan eta mundiala izatea espero dugu. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan", aipatu du Gaztelurrutiak.

Zentzu horretan, Gerediaga elkarteko kideak pozik agertu dira Durangoko Azokak aurten izan dituen parte-hartze datueki. Izan ere 248 stand eta 176 partehartzaile hartuko ditu Landako Guneak (argitaletxeak, diskoetxeak...) eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara. Guztira 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak egongo dira eskuragarri.

Durangoko Azokak ateak irekiko ditu abenduaren 7an eta Ikasle Goizaren baitan 1500 ikaslerentzako tailerrak antolatu dira. Egun horretan bertan ospatuko da ‘Gazte eztanDA’, gazteei begira Durangoko Azokak antolatu duen egitarau berezia. Egunean zehar Azokako gune guztietan hainbat kultur ekitaldi, jarduera eta ekimen izango dira. Hala nola, gazte-bazkaria, jinkana eta elektrotxarangen jaia.

Euskal kulturaren ‘eztanDA!’

‘eztanDA!’ lelopean datorren edizioak, euskal kulturaren eta sorkuntzaren 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango ditu sei guneetan sakabanatuta. Landako guneko Areto Nagusian Kabi@ eta Talaia guneak izango dira. Kabi@ mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egiteko txokoa izango da, Gamer Gela nobedadearekin eta Talaia, zabalkunde lanen eta liburu aurkezpenen gunea izango da abenduaren 8an, 10 ean eta 11n. Azken espazio honek, kultur arloko gai ezberdinen gaineko hausnarketarako tartea izango du eta ekimen batzuk Durangoko Museoan gauzatuko dira. Hainbat erakusketa izango dira, Iñaki Segurolari omenaldia egingo diote eta Pol-len edicions argitaletxe kataluniarrak euren proiektua ere aurkeztuko du.

Elkartegian kokatuko da Saguganbara gunea eta bertan familiei begirako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak ez dira faltako. Etxepare saria irabazi duen "Kiratsa" liburuaren aurkezpena; "Potx eta Lotx aireportuan" pailazoen ikuskizuna; Eider Eibarren "Maeiour euskaraz marrazten dugu!" web-jokoaren aurkezpena edota "Ene Kantak dantzan" ikuskizuna, esaterako.

Zugaza Zinema, Irudienean espazioa bilakatuko da, Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera emateko. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Horietako bat, Paul Urkijoren "Irati" filmaren emanaldi berezia, abenduaren 10ean.

Szenatokia arte eszenikoei lotuta egongo da beste urte batez, San Agustin Kulturgunean. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11 ra 12 talde arituko dira, hiru talde egunero, bakoitza bi edo hiru saiorekin, guztira 29 saio eskainiz. Hainbat genero landuko dira: komedia, drama, bertsoak, musikalak, pole-dance...

Azkenik, Ahotsenea sortzaileen gunea bilakatuko da eta bi espazio izango ditu. Plateruena eta Musika Eskola. Kafe Antzokiko oholtzara 47 talde igoko dira euren azken lanak aurkeztera. Besteak beste, bertan arituko dira Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein... eta solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da eta bertan Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano edota Anari Alberdi izango ditugu.

Muntaketa lanak bihar bertan hasiko dira eta arlo ekonomikoari dagokionez 670.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo edizioak. Bisitariei Azokara heltzeko erraztasunak emateko asmoz, abenduaren 8tik 10era doako autobus-lanzadera zerbitzua berreskuratuko da. Landako gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minuturo, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.

Online denda ere eskuragarri izango da, abenduaren 7tik 10era bitartean, hainbat emanaldi streaming bidez jarraitu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean.

25/11/2022