Actualizado hace 10 minutos
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.981 lagun gehiago zenbatetsi dira langabezian urtarrilean aurreko hilarekin alderatuta (+%1,84), eta guztira 109.361 daude. Iazko urtarrilarekin alderatzen bada, berriz, 1.868 langabe gutxiago izan dira (-%1,68), Lanbide euskal enplegu zerbitzu publikoaren datuen arabera.
Lurraldeka, Araban 290 langabe gehiago izan dira urtarrilean aurreko hilaren aldean (+%1,58), eta guztira 18.639 daude; Bizkaian 61.761 langabe daude orotara, hilabete lehenago baino 1.148 gehiago (+%1,89), eta Gipuzkoan 28.961, aurreko hilean baino 543 gehiago (+%1,91).
Aurreko urteko urtarrilarekin alderatzen bada, aldiz, langabeziak hiru lurraldeetan jaitsi da urtarrilean: Araban 285 langabe gutxiago izan dira (-%1,51), Bizkaian 997 gutxiago (-%1,59) eta Gipuzkoan 586 gutxiago (-%1,98).
Sexuaren arabera bereizita, 63.018 emakumezko eta 46.343 gizonezko daude langabezian EAEn, hau da, aurreko hilean baino 1.769 eta 212 gehiago (+%2,89 eta +%0,46), hurrenez hurren. Aitzitik, 2024ko urtarrilarekin alderatuta, 1.146 emakumezko gutxiago (-%1,79) eta 722 gizonezko gutxiago (-%1,53) daude langabezian.
BESTE DATU BATZUK
Adinari begiratuta, 30 urtetik beherako 18.483 langabe zenbatetsi dira urtarrilean EAEn, alegia, abenduan baino 966 gehiago (+%5,51) eta 2024ko urtarrilean 347 gehiago (+%1,91). 45 urtetik gorako langabeak 59.977 dira, aurreko hilean baino 878 gehiago (+%1,49) eta 2024ko urtarrilean baino 807 gutxiago (-%1,33).
Sektoreka, aurreko hilaren aldean zerbitzuetan soilik igo da langabezia urtarrilean, 2.189 langabe gehiagorekin (+%2,91), eta gainerakoetan jaitsi egin da: nekazaritza eta arrantzan 13 gutxiago (-%0,64), industrian 82 gutxiago (-%0,79), eraikuntzan 90 gutxiago (-%1,54) eta aurreko lanik gabekoen kolektiboan 23 gutxiago (-%0,16).
Joan den urteko urtarrilarekin alderatzen bada, aurreko lanik gabekoen taldean bakarrik igo da langabezia, 301 langabe gehiagorekin (+%2,21), beste sektoreetan jaitsi egin baita: nekazaritza eta arrantzan 71 gutxiago (-%3,40), industrian 318 gutxiago (-%2,98), eraikuntzan 440 gutxiago (-%7,09) eta zerbitzuetan 1.340 gutxiago (-%1,70).
Azkenik, kontratazioari dagokionez, urtarrilean 60.356 kontratu berri sinatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 14.369 mugagabeak izan dira, hau da, guztizkoaren %23,8.