Actualidad

EBk lehengaien kluba proposatu du Txinari aurre egiteko

Von der Leyenek indarrak batzea proposatu dio AEBi, menpekotasuna ekiditeko
Ursula von der Leyen, atzo, Davoseko Foroan eskainitako hitzaldian. | ARGAZKIA: E.P.

Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak “lehengai kritikoen kluba” sortzea proposatu zuen atzo, Europar Batasunaren, AEB, Erresuma Batua edo Kanada bezalako herrialdeen artean, trantsizio klimatikorako funtsezkoa den esparru horretan txinatarren “monopolioari” aurre egin ahal izateko. “Lehengai Kritikoen Kluba eraiki beharko genuke antzeko ideiak ditugun bazkideekin elkarlanean, AEBetatik hasi eta Ukrainaraino, hornikuntza-kateak modu bateratuan indartzeko eta hornitzaile bakarrengandik aldenduz dibertsifikatzeko”, adierazi zuen Von der Leyenek Davoseko Foroan eskainitako hitzaldian.

EBko, Japoniako, Erresuma Batuko edo Amerikar Estatu Batuetako teknologia “garbientzako” diru-laguntzak “bidezkoak” izatearen alde agertu zen Europako Batzordeko presidentea, “baita elkar indartzearen aldekoak ere”, denontzat onurak ekarriko lituzketelako, adibidez “Atlantikoan zehar eskala-ekonomiak sortuz edota estandar komunak ezarriz”.

“Elkarrekin, EBk eta AEBk ia bilioi bat euro ipini dituzte energia garbiaren ekonomia bizkortzeko. Horrekin klima-neutraltasuna masiboki bultzatzeko potentziala dugu” esan zuen Von der Leyenek. “Datozen hamarkadetan gure garaiko industria-eraldaketarik handiena ikusiko dugu, agian inoizko handiena”, eta erronka teknologiko horri aurre egiteko Europar Batasuna lantzen dabilen lau ardatz nagusiak nabarmendu zituen.

Lehenengoari heltzeko, “erregulazio-ingurune” egokia sortu behar da, haize eta eguzki energiaren, bero-ponpen, energia-biltegiratzearen edota hidrogeno garbiaren sektoreak garatu ahal izateko baldintzak azkartu eta eskalatzeko, mende erdialderako zero CO₂ emisio lortzeko helburuarekin. Aipatutako lehengai kritikoen “klubaz” gain, politikari alemaniarrak aurreratu zuenez, Europako Batzordea Industria Garbiaren Zero Legea prestatzen ari da, “funtsezko teknologiak manufakturatzeko ezinbestekoak diren lur arraroetarako” dagoeneko prestatzen ari diren Gai Kritiko Arraroen Legea osatuz.

“Europak gaur egun %98ko menpekotasuna du Txinarekiko”, azpimarratu zuen Von der Leyenek. Erkidegoaren bigarren ekintza-ildoan, teknologia garbien ekoizpenerako inbertsioak eta finantzaketa bultzatu behar dira epe laburrean. Horretarako EBko estatu-laguntzen arauak aldi baterako egokitu beharko dira, eta, epe ertainean, Europako “subiranotasun-funts bat” sortu, ikerketa, berrikuntza eta industria-proiektu giltzarriei “egiturazko-irtenbide egokia” eskaintzeko.

19/01/2023