Euskarazko kultur sorkuntza babestu eta sustatzeko 1952. urtean jaioa, Arrate Kultur Elkartea Eibarko kultur mugimenduaren erreferentziazko ardatza izan zen hainbat arlotan hasierako urte haietan, eta 1500 bazkide izatera iritsi zen.
Egun, 300 bat bazkide eta hainbat lagunen bolondres lanari esker, aurrera jarraitzen du; eta azken urteetan herriko bizitza kulturalean oinarri batzuk jartzea lortu du, Eibarko eragile askorentzat bilgune ere bihurtuz.
Edonola ere, Arrate Kultur Elkarteak 70 urte betetzen ditu aurten eta ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du urtemuga horren harira, beti ere, “egindako ibilbidea ospatu eta aurrera begira jartzeko”.
Programa abiatzeko elkarteak 18 bazkideren lanekin osatutako erakusketa ireki du. Hilaren 23ra arte egunero izango da ikusgai Topalekuan, 19.00etatik 21.00etara bitartean (asteburu eta jai egunetan 12.00etatik 14.00etara arte ere).
Bestalde, elkarteak bere bazkideei zuzendutako bi tailer antolatu ditu. Aurrenekoa, Kolass-ean izenekoa, gaur bertan hasiko da Mireia Agirrebeñaren eskutik; eta bestea, Arteterapia tailerra, urriaren 15ean eta 16an burutuko da, Maite Arriagaren gidaritzapean. Bi tailer horien ematen dutenarekin erakusketa bat egingo da azaroaren 4, 5 eta 6an.
Jardunaldi nagusia
Arrate Kultur Elkartearen 70. urteurreneko jardunaldi nagusia urriaren 22an izango da. Egun hori hasteko Kulturgintza Eibarren. Egoera eta erronkak mahai-ingurua ospatuko da (11.00etan) elkartearen egoitzan. Bertan Maider Aranberri, …eta kitto! euskara elkarteko teknikaria, Maite Arroitajauregi musika sortzailea, Oier Araolaza dantzari, kazetari eta antropologoa, Jose Luis Gonzalez Poxpolo, Eibarko Udalaren Kultura teknikaria eta Jaixak Herrixak Herrixandako kolektiboaren ordezkari batek parte hartuko dute.
Horren ondoren elkarteko sortzaileekin omenaldia (13.30ean), ospakizun bazkaria (txartelak Kultu tabernan eros daitezke) eta Hemen taldearekin bazkaloste musikatua (17.00etan) izango dira.