Polideportivo

Egindakoarekin "pozik" agurtu da Amador Granados

Granados atzo, bere bizikletarekin Kontxako pasealekuan.

donostia – Amador Granadosek agur esan zion atzo goi mailako kirolari Donostian antolatutako ekitaldi batean; bertan izan ziren Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea. Jaiotzetik jasan duen "sortzetiko oin kurbatua" izeneko deformazioa arintzeko bitarteko terapeutiko eta birgaitzailea izan behar zuen txirrindularitza diziplinari eskaini dizkion 20 urte luzetan, une arrakastatsu ugaritan izan da protagonista kirolari andoaindarra.

54 urterekin amaitu du Granadosek eliteko txirrindularitzan egindako ibilbide oparoa. Azkenaldian jazotako hainbat gertakarik, besteak beste, Tokioko Joko Paralinpikoetan parte hartu ez izanak, erabaki hori aurreratzea ekarri dute. Japoniako zitaren aurreko hilabeteetan gogotik saiatu zen bere laugarren parte-hartze paralinpikoa izango zenean egoten. "Ez da batere erabaki erraza izan. Hiru Joko eta domina bat irabazita noa; berez, bost Joko Paralinpikotan parte hartu eta hiru domina izan beharko nituzkeenean. Inolaz ere, pozik nago", aitortu zuen.

Amador Granadosen palmaresa ikaragarria da, bere probarik gogokoena den kilometroko proban estatuko hamahiru titulu erdietsi ditu. Pistan, 20 urrezko domina, 20 zilar eta sei brontze ditu; eta errepidean, bederatzi urre, hamahiru zilar eta bederatzi brontze, erlojupeko eta ibilbideko probak kontuan hartuta. Espainiako Txapelketetan, belodromoan zein errepidean, guztira 77 domina batu ditu, sekulako balentria, beraz.

Eta estatu mailako lorpen horiei guztiei nazioartean lortutakoak ere gehitu behar zaizkie. Aipagarriena, 2014an Aguascalientesen (Mexiko) irabazitako Munduko Txapelketa, munduko errekorra ezarriz, gainera; baita nazioarteko txapelketetan eskuratutako beste hainbat domina ere: hiru brontze kilometroko proban, eta hiru zilar eta lau brontze taldekako abiaduran. Europako txapelketetan ere, beste bi zilar eta brontze bat batu ditu kilometroko proban.

Lan bikaina Paralinpiar jokoetan TextoLan bikaina Paralinpiar Jokoetan Aparteko aipamena merezi dute Joko Paralinpikoetako hiru parte-hartzeek: Atenasen 2004an bi diploma eskuratu zituen, bata kilometroko proban eta bestea jazarpenean; Pekin 2008an beste diploma bat irabazi zuen kilometroko proban; eta 2016an, Rio de Janeiroko Jokoetan, aspaldiko ametsa bete zuen, taldekako abiadura-proban brontzezko domina lortu baitzuen, Eduardo Santas eta Alberto Cabellorekin batera.

"Hiru Joko eta domina batekin banoa, hiru domina izan behar banituen ere"

Amador Granados

Txirrindulari paralinpikoa

Etiquetas
20/01/2022