Buscar
Cultura

'Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean' erakusketa jasoko du Arkeologi Museoak

'Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean' erakusketa
'Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean' erakusketa

Arabako Arkeologia Museoak 'Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean' izeneko erakusketa jasoko du. Esposizio horrek XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik Lurralde Santua eta Egipto ezagutzeko egin ziren espedizioak erakusten ditu.

Howard Carter arkeologo ingelesak Tutankhamonen hilobia aurkitu eta induskatzean egin zituen argazkiak, liburuak, dokumentuak eta planoak dira erakusketan ikusgai dauden piezetako batzuk. Beira-arasek, halaber, hilobietan aurkitutako bilduma pribatuetako jatorrizko hainbat material ere jasotzen dituzte: hileta-estatu txikiak eta apaingarriak; horien artean erakusketaren komisarioak berriki identifikatu duen krokodilo-momia bat nabarmentzen da. Erakusketako bisitariek XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik Egiptora eta Lurralde Santura bidaiatu zuten pertsonen dokumentazioa, objektu pertsonalak eta filmazio labur batzuen proiekzioak ere ikusi ahal izango dituzte erakusketan. Bizkaiko Arkeologi Museoan beira-arasa berriak sartu dira, Santimamiñe edo Lumentxa bezalako kobazuloetan egin ziren lehen indusketa zientifikoak erakusten dituztenak. Beira-arasa hauetan indusketetan aurkitutako piezak, estratigrafien marrazkiak edo J.M. Barandiaranek garaiko arte prehistorikoan espezialistak zirenekin trukatu zituen gutunak erakusten dira. Erakusketa maiatzaren 7ra arte egongo da ikusgai eta museo arkeologikoen arteko lankidetza-programen barruan sartzen da.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaiko Arkeologi Museoaren aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du gaur goizean. Aurkezpen honetan berarekin egon dira Iñaki García Camino, Museoko zuzendaria; María Luz Mangado, Historian doktorea eta erakusketako komisarioa dena; eta Joseba Ríos, historiaurrean aditua eta arkeologoa dena. "Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean" erakusketa BIBATek (Arabako Arkeologia Museoak) antolatu du eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoak berritu egin du zati baten. Erakusketan XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik Lurralde Santua eta Egipto ezagutzeko antolatu ziren espedizioak erakusten dira. Arkeologiarekiko eta antigoaleko gauzekiko lilura piztu zuten espedizioak izan ziren, eta ezohikoenak eta berezienak Tutankhamonen hilobia aurkitu ondoren (1922) garatu ziren.

Erakusketako komisarioa María Luz Mangado da, Historian doktorea, eta Bizkaiko Arkeologi Museoan duela mende bat arkeologia ulertzeko zegoen beste modu batekin osatu da, garai hartan Euskal Herrian haitzuloak eta trikuharriak miatzeko eta induskatzeko lan diskretuarekin José Miguel Barandiaranek, Telesforo Aranzadik eta Enrique Egurenek hasitako lana jasoz. Museoko arkeologoek duela mende bat Euskal Herrian egiten zen arkeologiari buruzko erakusketaren atal honetan egin dute lan eta historiaurrean aditua den Joseba Rios izan da erakusketarako Santimamiñe eta Lumentxako piezak aukeratu dituena, hau da, XX. mendearen hasierako indusketetan aurkitutakoak. Gainera, Sara Etxean (Ataun) gordetako Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren funtsen dokumentazioa hautatu da; ikertzaileak bertan eman zuen bere bizitzaren azken zatia.

Diputatuak erakunde eta entitateen elkarlana azpimarratu du. "Elkarlan honi esker kontakizun aberatsagoa eta osoagoa eraikitzen da, historia herritarrei zabaldu eta hurbildu ahal izateko". Lorea Bilbao Ibarrak materialak eta ezagutzak eskainiz erakusketa honetan lagundu duten erakundeak aipatu ditu: Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa; Kaputxinoen Artxiboko Liburutegia; Leongo San Isidoro Museoa; Tomás Cuadrado; Barandiaran Fundazioa; Espainiako Filmoteka, eta Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioa.

Erakusketa museo arkeologikoen arteko lankidetza programen barruan kokatzen da Horrela BIBATek antolatutako erakusketa hau Bilbora etorri den bitartean Arkeologi Museoak antolatu zuen "Euskal Herriko Erdi Aroko Gazteluak" erakusketa, urtarrilaren erdialdean itxi zena, Gasteizera joan da eta bertan egongo da ikusgai.

Erakusketaren inguruko jarduerak:

  • Martxoaren 28an, arratsaldeko 19:00etan, erakusketaren komisarioak, Maria Luz Mangadok, hitzaldi bat emango du, "Bajo el cielo de Oriente: viajes y expediciones vascas a Egipto y Medio Oriente" titulua duena.
  • Eta apirilean igandeetako tailer familiarra erakusketaren ingurukoa izango da eta "Egiptoko Misterioak-Los misterios de Egipto" titulua izango du .

"Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean"

"Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean" erakusketa hiru zatitan banatzen da. Erakusketaren atal bat Egiptora eta Ekialde Ertainera egindako espedizioetan oinarritzen da; erakusketaren bigarren zatiak Howard Carter arkeologo ingelesa Tutankhamonen hilobia aurkitu eta induskatzera eraman zuten lanak ezagutaraztea du helburu, eta azken ardatza Euskal Herriko indusketak dira.

Egiptora eta Ekialde Ertainera egin ziren espedizioak

XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik hainbat bidaia antolatu ziren Egiptora eta Lurralde Santura, benetako espedizioak izan zirenak.

Lehen bidaia, Gasteizko Gotzaindegiak eta Langileen Patronatuak antolatu eta babestu zutena, kaputxinoen eta frantziskotarren laguntzarekin garatu zen; 1902an egin zen eta benetako erromesaldia izan zen. Ondoren beste bidaia batzuk etorri ziren eta harrigarrienak hogeiko hamarkadan, Tutankhamonen hilobia aurkitu zen garaian, garatu zirenak izan ziren. Urtero Iberiar Penintsulatik eta Hispanoamerikatik 200 pertsona Egiptora eta Ekialde Ertainera joaten ziren bi hilabetez, itsasontziz, trenez, gurdiz, autoz eta zaldiz.

Oinarri kulturalarekin leku klasiko enblematikoekin osatuta kristautasunaren leku santuetara joateko erlijio-kutsuko erromesaldi gisa hasi zena ostean batez ere Egiptorekin eta Tutankhamonen altxorrarekin lotutako bidaia kultural bihurtu ziren.

Bidaia bakoitzeko kronikak argitaratu ziren garaiko egunkarietan eta baita aldizkarietan eta gizartean oihartzun handia izan zuten liburuetan ere. Liburu hauetan bisitatutako lekuen deskribapen geografikoak edo monumentu artistikoak, esperientziak, pasadizoak eta bitxikeriak eta argazkiak jasotzen dira. Bidaiek sortutako dokumentazio horren guztiaren aukeraketa batek erakusketako beira-arasak betetzen ditu. Objektu pertsonalak ere ikus daitezke, pertsona horietako batzuek bidaietara eramaten zituztenak, besteak beste argazki-kamerak, katalejoak edo pasaporteak.

Tutankhamon

Erakusketaren bigarren zatiak Howard Carter arkeologo ingelesa Tutankhamonen hilobia aurkitu eta induskatzera eraman zuten lanak ezagutaraztea du helburu. Howard Carterrek hamarkada bat behar izan zuen hilobian aurkitutako objektuak katalogatu, zenbatu eta deskribatzeko (ia 5.400 pieza). Lehen aldiz argia eraman zuten Erregeen Haranera argiztapen handiagoarekin lan egin ahal izateko. Marrazkiak egin eta argazkiak atera zituzten; argazki horiek haranaren sarreran zegoen Carterren egoitzan prestatu zen behin-behineko estudio batean errebelatzen zituzten. Lan arkeologikoak ere filmatu zituzten. Altxorraren argazkiei esker zuri-beltzeko eta, geroago, koloretako postal-serieen lehen edizioak egin ziren, turistentzako eta erromesentzako erakargarri. Arkeologoak birak egin zituen eta hitzaldiak eman zituen munduko hainbat hiritan, bere aurkikuntzen berri emanez.

Argazki, liburu eta dokumentu hauek ikusgai daude erakusketan. Halaber indusketetan egin zituen plano batzuen kopiak ikus daitezke, eta aurreko mendearen hasieran plano horiek egiteko erabiltzen ziren tresnak, hala nola eskuairak, metroak edo konpasak.

Beira-arasetan, halaber, hilobietan aurkitutako bilduma pribatuetako material originalak daude ikusgai: hileta-estatua txikiak eta apaingarriak; horien artean erakusketaren komisarioak berriki identifikatu duen krokodilo-momia bat nabarmentzen da.

Indusketak Euskal Herrian

Euskal bidaiari aberatsek Ekialdera eta Egiptora espedizioak antolatzen zituzten aldi berean, Lurralde Santuak bisitatzeko eta galdutako zibilizazioen aurkikuntza arkeologiko handiak ezagutzeko, Euskal Herrian beste mugimendu kultural bat garatzen ari zen, bildumazaletasunetik aldenduz gurean arkeologia zientzia bihurtu zuena.

Tutankhamonen hilobia aurkitu baino sei urte lehenago Euskal Herrian beste aurkikuntza arkeologiko berezi bat gertatu zen: Santimamiñeko haitzuloko pinturak. Bi urte geroago Bizkaiko Diputazioak ikerketa enkargatu zien Telesforo Aranzadi antropologoari, Enrique Eguren geologoari eta Jose Miguel de Barandiaran arkeologo eta etnografoari.

Santimamiñeren ondoren indusketak egin ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako haitzuloetan eta Aralar edo Aizkorri mendietako trikuharrietan. Indusketa horien emaitza gisa J. M. Barandiaranek, 1934an, Euskal Herriko Historiaurreari buruzko lehen sintesi handia argitaratu zuen, euskaraz eta gaztelaniaz: Euskalerri´ko leen-gizona / El hombre primitivo en el País Vasco

Erakusketan, indusketa aitzindari haien argazkiak, estratigrafien marrazkiak eta horiek egiteko behar ziren gastuen egiaztagiriak ikus daitezke. Barandiaranek Telesforo Aranzadi eta garai hartako historiaurreko artean aditu nagusiak ziren H. Breuil edo Obermaierrekin trukatu zituen gutunak ere ikus daitezke, baita Santimamiñe edo Lumentxako haitzuloetako indusketetan aurkitu ziren piezak ere: giza gorpuzkiak, zeramika zatiak, harrizko tresnak.

Erakusketa osatzeko XX. mendeko lehen hereneko bidaietako filmazio labur batzuk proiektatzen dira. Pieza hauek Filmoteka Nazionalean eta beste artxibo batzuetan, adibidez Bilboko Sagarminaga familiarenean, gorde dira.

2023-02-06T15:49:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo