Cultura

"Egun, komeni zaigu, Zetkinek zioen bezala, faxismoa zertan den eta ze estrategia erabiltzen dituzten ulertzea"

'Faxismoaren aurka borrokan' liburua argitaratu du Katakrak argitaletxeak. Bertan, Maialen Berasategik euskaratutako Clara Zetkin pentsalariaren hainbat testu bildu dituzte
Argazkian, Berasategi, liburua esku artean duela.

Katakrak argitaletxeak begiz jota zuen Clara Zetkinen obra, bera izan baitzen faxismoaren fenomenoa aztertu zuen lehen pentsalarietako bat. Hala, Maialen Berasategi Catalan (Gasteiz, 1989) itzultzaileari enkargatu zioten politikari eta militanteak XX. hamarkada hasieran idatzitako testuak euskarara itzultzea. Horren emaitza da 'Faxismoaren aurka borrokan' liburua. Itzultzaileak adierazi du aukera polita dela Zetkinek egindako eta esandakoen berri izateko. Halaber, nabarmendu du oraindik ere aktualitate handiko gaia izanik Zetkinek bere garaian azpimarratu bezala garrantzitsua direla ulertzea fenomenoaren nondik norakoak. Euskarara itzulitako Zetkinen lehen lana da.

Nor zen Clara Zetkin?

Militante komunista bat izan zen batez ere, baita teorialari marxista eta emakumeen eskubideen aldeko militantea ere. 1857an jaio zen, Konigshain-Wiederaun (Alemania), eta 1933an hil, Moskun, 75 urterekin. XX. mendearen hasieran ere gogotsu aritu zen lanean eta militantzian. 

Ze testuingurutan kokatu behar da 'Faxismoaren aurka borrokan' liburua? 

Internazional Komunistaren batzorde exekutiboak 1923. urtean bilkura bat egin zuen faxismoa zeukana ardatz. Hala, Clara Zetkini eskatu zioten txosten bat egiteko gai horren inguruan, osoko bilkura horretan aurkezteko. Ordurako, faxistak boterera iritsita zeuden Italian, eta faxismoa hedatzen ari zen Europako beste zenbait lekutan. 

'Nola aurre egin eta nola irabazi' dio azpitituluak. Zein helburu zuen idazleak bere hitzaldian? 

Bi helburu dituela uste dut: batetik, teorikoa, berak aldarrikatzen du oso inportantea dela ondo ulertzea faxismoaren fenomenoa zertan den. Garai hartan bazegoen joera bat eskuineko beste erregimen eta beste mugimendu batzuekin konparatzeko eta zaku berean sartzeko faxismoa. Azken batean, Clara Zetkinek hitzaldi honetan faxismoak ezaugarri berezi batzuk zituela azaldu zuen. Garrantzitsua zen horiek ondo ulertzea gero hain zuzen ere, aurre egin ahal izateko. Hori horrela, bigarren helburua praktikara bideratuagoa dago, azpitituluak dioen bezala jarraibide edo pista batzuk eman nahi zituen, berak oso argi ikusten zuelako zer pauso edo urrats eman behar ziren faxismoari aurre egiteko. 

Testu ezberdinez osaturik dago liburua. 

Liburuan, testu printzipal bat dago: Zetkinek 1923an Internazional Komunistaren Batzorde Exekutiboaren III. Kongresuan egindako txosten bat eta ebazpen bat. Gainera, badira beste zati batzuk, horren osagarri: batetik, Zetkinen beraren beste txosten bat eta ebazpen bat, 1923an bertan Frankfurten irakurri zituenak (Alemania), gerraren eta faxismoaren kontra antolatu zuten nazioarteko konferentzia batean. Hasieran testuingurua azaltzen du, nondik eta nola sortu zen faxismoa eta nola heldu zen boterera batez ere Italian. Halaber, dei bat egiten die bai langileei zein bere burkideei, borrokarako egiten die deia. 

Gaurkotasun handiko gaia da. Ze ekarpen egin zuen bere garaian?

Gaur egun iruditu daiteke agian ez dela oso gauza berria baina hitzaldi honen gauzarik esanguratsuena da bere garaian aitzindaria izan zela. Gertuegi zuten gertaturikoa analisi eta interpretazio zuzen eta zorrotzak egiteko eta Zetkinek bere burkide batzuek uste zutenaren aurka argi eta garbi azaldu zuen faxismoa fenomeno berezi bat zela, desberdina zela. Begirada zoliz aztertu zuen fenomenoa. 

Urteak pasa badira ere ez du esangura galdu. 

Hala da. Ikusten ari gara faxismoa ez dela itzali, ez dela hil, garai berrietara egokitzen ari dela eta gero eta indar handiagoa hartzen ari dela esparru batzuetan. Horregatik, guri ere komeni zaigu Zetkinek zioen bezala oso ondo ulertzea zertan den faxismoa eta ze estrategia erabiltzen dituzten faxistek boterea hartu aurretik eta gero zer egiten duen boterea hartzen dutenean. Oso inportantea da hori ulertzea. 

Ez da bereziki nabarmendu Clara Zetkinen izena. Ezagutzen al zaio beste testurik? Zertan aritzen zen?

Zetkin beti egon da Rosa Luxemburgoren itzalean, ospetsuago egin diren beste ekintzaile batzuen itzalean, eta askori izena ez zaie ezagun egingo, ezta zer egin eta zer esan zuen. Baina militantea zen heinean, ardura handiak izan zituen hainbat erakundetan, eta haren ekoizpen intelektualaren moldeak garaian garaiko borrokek eta militantziak eskatzen zituzten testuekin lotuta daude. Testu politikoak eta militanteak idazten jarduten zuen: artikuluak, gutunak. Batez ere borrokara deitzeko testuak.

Nolakoa izan da itzulpen prozesua?

Liburua laburra da eta alde horretatik arin xamarra izan da itzulpena. Batez ere interesgarria iruditu zait itzultzaile naizen aldetik baino gehiago irakurle moduan, zoritxarrez aktualitate handiko gai bat delako oraindik ere. 

Ze ekarpen egiten du liburu honek euskarazko itzulpengintzan?

Batetik, esan bezala, oso gaur gaurko gai bat da, edonori interesatzeko moduko gaia eta hori euskaraz edukitzea beti da ekarpen bat, gainera orain arte Clara Zetkin euskaraz ez zegoen. Bestalde, eztabaidarako, gogoetarako eta hortik abiatuta ekiteko abiapuntu ona izan daiteke. 

02/08/2022