Gipuzkoako ikastolen jaia, Kilometroak, aurten Errenterian ospatuko da urriaren 1ean, Orereta ikastolak antolatuta. Atzo, Lekuona Fabrikan, aurkezpen jendetsu batean urriko lehen igandea aurretik hilabetez hilabete burutuko diren ekintzak eta emanaldiak zerrendatu zituzten.
Horietako ekitaldi batzuk Euskal Herri osora begirakoak izango dira, bi lehenengoen kasu. Otsailaren 20tik 24ra Berriarekin elkarlanean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 20. urtemuga oroituko da eta martxoan, Euskaltzaindiarekin batera, euskara batuaren sustatzaileei egingo zaie gorazarre.
Itziar Navarrok, Orereta ikastolako lehendakariak, urriaren 1era arteko egitarauan ekimenak baino “mugarriak” jasotzen direla argitu zuen, “ez baita egitarau itxi bat; ai-tzitik, egitarau irekia eta bizia da, eragileekin elkarlanean osatzen joango garena, bereziki herriko eragileekin”.
Gaineratu zuenez, jaia egitura-tzeko hiru zutoin nagusitan finka-tzen da: komunitatea, euskara eta errelatoaren bidez egindako esker-tza. Izan ere, eskertzaren helburuari atxikita Euskaldunon Egunkariaren 20. urtemuga gogoan hartuko dute.
Urteurrenaz hitz egiteko atzoko aurkezpenera Xabier Oleaga, Joxemari Sors, Mikel Azkune eta Martxelo Otamendi gonbidatu zituzten. 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, epaile baten aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen. Kilometroak jaiak gertaera hura, atxilotuen absoluzioa eta euskal gizarteak eman zuen eran-tzuna gogoratuko ditu.
Otamendik, bi euskarazko egunkarien zuzendariak, “oso eskertuta” daudela egingo zaien omenaldiarekin esan zuen. Egunkariako langileek aldizkaria itxi eta hurrengo egunetik egindako lana goraipatu zuen Berria egunkaria hilabete gutxietara sortu baitzuten.
Honela, hilaren 20an Imanol Muria kazetariaren Egunero behar genuen liburua aurkeztuko da. Euskaldunon Egunkaria itxi eta Berria argitaratzen hasi bitartean argitaratu zen Egunero. Ikastolako ikasleen itxierari buruzko hausnarketek, dokumental batek, sorkun-tza artistikoek eta Jon Maia bertsolariaren Kantu bat gara ikuskizunak osatuko dute gertaera honen inguruko egitaraua.
Martxoan, aipatu bezala, Euskara Batuak euskararen bilakaeran izan duen garrantzia goraipatuko dute eta sustatzaileak omentzeaz gain, 8.000 pertsonekin kate bat egingo da Errenteriako Zumardia eta Donostiako Parte Zaharra lotuz.
‘Euskarararen errioa’
Aurtengo Kilometroak jaiaren Erriola leloarekin hitz jolas bat eginez, Euskararen errioa sortu dute. Euro bateko txanponak biltzea izango da egitasmoaren helburua. Kutxa antzeko bat prestatu dute eta dirua errenkadan sartu behar da, ibai edo errio bat irudikatuz. Ahal dela Guiness Liburura ere eraman nahi dute.
Antolatzaileek, kalkulua egin dute: kilometro batean euro bateko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronkaren gaineko informazio eguneratua emango dute datozen hilabeteetan zehar antolatzaileek.
Egitaraua
- Otsailak 20-24. Egunkaritik Berriara, 20 urte urtemugaren ekitaldi sorta.
- Martxoak 24. Batasunaren bidea. Euskara batuaren lehen urratsetan erabakigarri izan ziren gizon eta emakumeei omenaldia.
- Maiatzak 6. Darraizu, darraigu. Hamabi orduko etengabeko ikuskizun maratoia.
- Maiatzak 19 eta 20. Adaxka berriak (estreinaldia).
- Maiatza. Erriola abestia eta bideokliparen aurkezpena.
- Uztaila. Ur Muga festibala Euskal Herriko hainbat txokotan.
- Urriak 1. Kilometroak 23. Gipuzkoako ikastolen urriko lehen igandeko jaia.