Zelango eguraldia egingo du datozen egunetan? Asteburuan euria egingo du? Hotz bizia egiten jarraituko du? Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ziurtatu du datozen egunetarako eguzkia itzuliko dela hirira.
Hala, gaur eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Egunaren hasieran barnealdean lanbroa eta lainoa agertuko dira, kostaldean behe-hodeiak. "Goizetik aurrera, eguzkia jaun eta jabe, eguerdi aldera erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertu arren", azpimarratu dute Euskalmetetik. Hegoaldeko haizea nagusi, indarrik gabe; arratsaldean iparraldetik finkatu eta indartu egingo da. "Hegoaldeko tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute; kostaldeko altuenak, aldiz, jaitsiko dira", gaineratu dute.
Gaurko gutxieneko tenperatura zero azpiko gradu batekoa izango da, eta maximoak hamalau gradurainokoa.
Ostiral goizean, lanbroa eta lainoa izango dira nagusi. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, Euskalmeten arabera. Hala ere, norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hego-osagaia nagusituz, eta arratsaldean eki-osagaikoa. "Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da. Arabako zenbait lekutan izotz txikia egingo du", erantsi dutenez.
Azkenik, larunbatean goiz-lanbroa izango da. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarte biziren batekin. Arratsaldean Kantauri isurialdean ipar-ekialdera aldatuko da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Arabako zenbait lekutan izotz txikia egingo du berriro ere.