Mundo

EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du energia berriztagarrien ikerketan sakontzeko

EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du energia berriztagarrien ikerketan sakontzeko. / Utzitakoa

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas REM ikertaldeak 25 metroko olatu sorgailu berria instalatu du Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa Sailean. Luzera horretako kanal bakarra da Euskadin, eta erabiltzen da itsaso zabalera eraman nahi diren sistema eta gailuen entsegu teknologikoak egiteko, batez ere energia iturri berriztagarriei lotuak.

Jesus Mari Blanco unibertsitate katedradun, Itsas REM taldeko zuzendari eta REM+ Erasmus Mundus masterraren koordinatzaileak azaldu duenez, "olatu kanal hau diseinatu eta eraiki da Euskadin sistemak eta gailuak laborategi eskalan probatzea ahalbidetuko duen azpiegitura baten beharrari erantzuteko".

Horrela, olatu tankearen mutur batean olatu sorgailu bat dago, eta beste muturrean, berriz, olatuen iraungitze eremua edo 'hondartza'. Tankearen gainean azken belaunaldiko kamerak instalatu dira, gailu flotatzaileen mugimendua erregistratzeko norabide guztietan, bai eta olatuak, presioa eta indarra neurtzeko zundak ere. Kontrol gunetik erregistratzen dira olatu sorgailua gobernatu eta neurketa sentsoreetatik jasotako datu guztiak.

Olatu sorgailuak sor ditzake olatu erregularrak edo irregularrak, eta era guztietako itsasaldiak simula daitezke, horretarako esklusiboki diseinatutako kontrol software baten bidez. Gainera, kanalak xurgatze aktiboko sistema bat du, olatuek kanalaren muturrean errebotatu ez dezaten. Horrela, ikerketarako nahi diren olatuak sortzen dira, eta iraupen luzeko eta fidagarritasun handiko saiakuntzak egin daitezke.

"Nahi den aplikazioaren edo ikerketaren arabera, eskala aldatu egin daiteke, 1:20 eta 1:100 artean oro har", zehaztu du Blancok. Horri esker, era askotako olatuak simula daitezke kanalean, bai ohiko itsasaldiak, bai muturreko itsas egoerak.

Tankean itsas egoera erreproduzitzen bada ere, ur geza erabiltzen da, "hutsaren hurrengotzat" hartzen delako bien arteko dentsitate aldaketa. Gaur egun, gainera, itsas korronteak ere simula daitezke kanalean, 0,4 m/s-ko abiadurarekin gehien jota.

Kanalaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzaren deialdi publiko lehiakor batean lorturiko funtsen bidez ordaindu da, Itsas-REM ikertaldeak deialdi horretan lorturiko ikerketa proiektu baten bitartez, hain zuzen ere.

22/02/2025