Buscar
Navarra

Ehunka Ahobizi eta Belarriprest Euskaraldiari ekiteko prest Baztanen

Baztango Euskaraldiko Batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu euskararen aldeko ariketa soziala aktibatzeko bidean
Elizondon Euskaraldiko talde argazkia pasa den larunbatean egin zuten.
Elizondon Euskaraldiko talde argazkia pasa den larunbatean egin zuten.

Ortziralean abiatuko da aurtengo Euskaraldia. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra burutuko da hirugarren edizioa, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta euskararen aldeko ariketa sozial erraldoirako prestatzen ari dira Euskal herriko txoko aunitzetan. Baztanen ere, Euskaraldiko Batzordea buru belarri ari da azken hilabeteetan, eta are gehiago azken asteetan dena antolatzen.

Aurten, duela bi urte bezala, hiru modu izanen dira Euskaraldian parte hartzeko. Batetik, lehenbiziko ediziotik aldatu ez dena, norbanakoen roletan, Ahobizi eta Belarriprest bezala; bertzetik, duela bi urte bezala, aurten ere Arigune gisa parte hartzeko aukera dago.

Ariguneen kasuan, euskaraz lasai aritzeko guneen kasuan, izena emateko epea urriaren 31n akitu zen eta Baztanen 132 izan dira Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu dutenak.

Ahobizi eta Belarriprest izateko ere aunitz izan dira orain arte izena eman dutenak, atzoko datuetan erreparatuta, 694 ziren behin behinean izena emandakoak. Oraindik era izena emateko aukera dago, bihar izanen delarik azken eguna, Ahobizi edo Belarriprest bezala erregistratzeko, izenematea.euskaraldia.eus helbidean egin daiteke.

HELBURUA Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Ariguneak sortu ziren.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

GIROTZEA Euskaraldiaren inguruko giroa sortzeko bidean, Baztango Euskaraldiko batzordeak hainbat ekimen jarri ditu martxan azken asteetan, errate baterako, herriz herri Euskaraldiari atxikimendua adierazteko argazkiak ateratzen ari dira. Dagoeneko herri gehienetan egin dute. Bertzalde, bi tailer ere antolatu ditu. Bat pasa den astean hasi zen eta hurrengo bi asteetan, azaroaren 23an eta 30ean izanen du segida. Paskual Rekalde euskaltzain amaiurtarrak gidatutako Baztango Mintzoa izenekoa, hain zuzen ere. Bertzetik, heldu den larunbaterako bertze tailer bat antolatu du batzordeak. Euskal Herria Euskarazen eskutik ahalduntze saio bat eginen da larunbatean Elizondon, Arizkunenea kultur etxean, 9.30etik 13.30era. Herritar euskaldunak aktibatzeko tailerra da honakoa. Euskaraz bizi nahi, eta ahalegina egiten duten herritarrei, tresna eraginkorra eskaintzea izanen da tailerraren helburua. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute euskara@baztan.eus helbidera idatziz.

TXAPAK Ahobizi edo Belarriprest bezala parte hartzeko izena eman dutenek Euskaraldiko txapak jasotzeko aukera dute, herriz herri. Herri batzuetan horretarako lekuak finkatu dituzte eta egunero banatuko dituzte, errate baterako, Amaiurren Ama-ur garagardotegian, Arizkunen Dolaetxea ostatuan, Elbete eta Elizondokoek udaletxean (08.00etatik 14.00etara), Baztango Liburutegi Publikoan (14.00etatik 20.00etara) eta Euskaltegian (11.30etik 13.30era) biltzen ahalko dituzte eta Erratzun Altxuko dendan. Gainontzeko herrietan herritar bat arduratuko da txapaz banatzeak.

BANDERATXOAK Kaleak edota etxeak atontzeko bidean ere, Euskaraldiko banderatxoak egin dituzte eta Baztango kasuan, udaletxean, Euskaltegian eta Fantxiken daude salgai, bortz euroren truke.

2022-11-16T14:14:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo