Eibar – Zelai erdia indartzeko asmoz datozen Jose Corpas eta Oscar Sielva Eibarreko fitxaketa berriak ilusio handia erakutsi zuten atzo hain "berezia" den talde armaginera etorri izanagatik. Bi jokalarien aurkezpen ekitaldia Ipuruan izan zen, Amaia Gorostiza klubeko presidentea eta Cesar Palacios kirol zuzendaria ere bertan zirelarik.
2024ko ekainaren 30era arte kontratu bana sinatu duten 2021-22 denboraldirako lehen bi fitxaketek "ilusio handia" adierazi zuten Ipuruara etorri izanagatik.
Almeria taldetik datorren Jaengo Jose Corpas erdilariak Eibar klub "historikoa" dela esan zuen. "Aukera ezin hobea da eta gogo eta ilusio handiarekin nator. Bigarren Maila ondo ezagutzen dugu, oso luzea da, eta gogor lan egin beharko dugu denboraldi amaieran ahalik eta goren egoteko", adierazi zuen futbolari andaluziarrak.
Bestalde, Oscar Sielva erdilari kataluniarrak "eskerrak" eman zizkion talde armaginari bere aldeko "apustua egin izanagatik". "Oso erraza izan da ni gaur hemen egotea. Klub berezia dela iruditzen zait; hitz egin dudan jende guztiak dastatu beharreko kluba dela esan dit, eta hementxe nago", adierazi zuen.
Fitxaketen premia handiena zuen zelai erdia indartzeko asmoz datoz bi jokalariak Eibarrera, eta golak ere eskainiko dituztelakoan, aurreko denboraldian Corpasek hamabi eta Sielvak hamar sartu baitzituzten. "Aurten ere iazko zenbakiak errepikatzea espero dut. Taldeari laguntzera nator, eta golak sartzerako orduan zenbat eta jokalari gehiagok lagundu, orduan eta hobeto ", esan zuen Sielvak.
"Bolada onak eta okerragoak pasatuko ditugu, eta denon beharra izango dugu", aitortu zuen Corpasek.
Bi futbolariek "blokearen" garrantzia azpimarratu zuten. "Hasieratik talde trinkoa osatu behar dugu, hori baita garrantzi-tsuena Bigarren Maila honetan. Denok bat eginda bagaude, gauzak okertzen direnean, batasun horrek eramango gaitu aurrera", esan zuen Sielvak.
Fitxaketa garrantzitsuak "Argi eta garbi" taldera ekarri nahi zituzten jokalarietako bi "kontratatu izana" azpimarratu zuten Amaia Gorostizak eta Cesar Palaciosek; "heldutasun betean" datozelako eta Eibarrek bilatzen duen profila betetzen dutelako.
"Gose diren bi jokalari dira, heldutasun betean datoz eta profil horretako jokalariak nahi ditugu", azaldu zuen Palaciosek.
Gorostizak esker oneko hitzak eskaini zizkion Anaitz Arbillari ere, bere kontratua beste bi urterako berritu duelako. "Albiste bikaina da, oso pertsona garrantzitsua baita klubarentzat eta taldearentzat", gaineratu zuen.
"Bigarren maila ezagun dugu eta gogor lan egin beharko dugu denboraldi amaieran goian egotekotan"
José Corpas
Eibarreko erdilaria
"Hasieratik talde trinkoa egin behar dugu, hori baita garrantzitsuena Bigarren Mailan"
Óscar Sielva
Eibarreko erdilaria