86 urte bete dira Eibarko bonbardaketa gertatu zenetik. 1937ko apirilaren 25ean izan zen, 30 hildako baino gehiago utzi zituen eta ehundaka zauritu. Baina bonbardaketa hori ez zen bakarra izan, 1936. urteko abuztu, iraila eta abenduan beste hainbat bonbardaketa pairatu zituen herriak.
Idoia Sarasketak, Egoibarrako batzordeburuak, adierazi du bonbardaketa hauek Eibarren izaera errepublikarra eta sozialistarekin oso lotura estua dutela. "Eibar Errepublika aldarrikatzen lehena izan zen Espainian, beti aldarrikatu izan du eta horregatik zigortu zituzten".
Gernikako bonbardaketa baino ezezagunagoa izan arren, historialari askok adierazi dute Eibarrekiko interesa eta, Santi Arizmendiarrietak, besteak beste, haren memorietan garai horretako oroitzapenak kontatzen ditu, herrikideenak. Sarasketak berak ere haren aitonak kontatutako istorioak oroitarazi ditu eta gerra garaiko babesleku batena kontatu digu. "Errekaren alboan sartu ziren, babesleku batean, lurperatutak egon ziren eta bertatik mendira ihes egin zuten, baina errefugio horretan ideologia guztietako pertsonak egon arren, denok zuten helburu bera: salbatzea eta zaurituak zaintzea".
Gertakari horrekin, Sarasketak memoria egitearen garrantzia aldarrikatu du eta bonbardaketatik atera beharreko irakaskuntza hauxe dela adierazi du: "gerrek ez daramate inora, are gutxiago, anaiartekoa".