Inoiz ez da erraza izaten enpresa, negozio edota edozein motako jarduera ekonomiko berri bat martxan jartzea; eta are gutxiago gizartea krisi ekonomiko batean murgilduta dagoenean; orain bezala. Edozein jarduera abian jartzeko ezinbestekoa den elektrizitatearen eta mota guztietako materialen prezioen etengabeko igoerek ez dute une honetan enpresa berri bat zabaltzera anima-tzen; nahiz eta negozio-ideia oso argi duten pertsona ekintzaileak egon.
Horretaz jakitun, Lanbide enplegu zerbitzuak Urola Erdiko ekintzaileen-tzako laguntzak eskainiko ditu eta horiek eskatzeko epea ireki du jada.
Azpeitiko ekintzaileenak ez ezik, eskualde osokoen eskaerak kudea-tzeaz arduratuko da Azpeitiko Udala. Beraz, udaletxean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek beren proiektuak eta eskaerak; eta horretarako epea urriaren 7ra arte izango da irekita.
Edonola ere, Lanbidek ekintzaileentzako bi motatako laguntzak eskainiko ditu aurten: batetik, negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa dago; eta bestetik, bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa.
Bi laguntza mota
Negozio bat abia-tzeko ideia dutenen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatzen da deialdi honetan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaerek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdian aurkezten diren eskaeren artean, gehienez zortzi onuradunen proiektuak lagunduko dira.
Jarduera abian jartzeko laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatzen da, eta epe hori amaitu ondoren enpresa abian jartzekoa ere bai. Hori horrela gauzatzen bada, eta adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute beste zortzi ekintzailek.
Behin dirulaguntzak eskatzeko epea amaituta, Lanbidek aurkeztutako eskaera guztiak aztertuko ditu eta datorren urriaren 13an abiatuko du onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua.
Laguntza hauek eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, Azpeitiko Udalak jakinarazi du ekintzaileek “eskaera orriarekin batera, errolda agiria, Lanbiden izena emanda egotearen ziurtagiria, bizitza laborala eta ogasunean jarduera ekonomikoen zergan, azken urtean, altan ez direla egon adierazten duen ziurtagiria” aurkeztu behar dituztela.
Horretaz gain, negozio bat abian jartzeko ideia dutenen laguntzetara aurkezten direnek beren proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute; eta jarduera abian jartzeko lerrora aurkezten direnen bideragarritasun plana.
Edonola ere, Lanbidek Urola Erdiko 16 ekintzaileentzako laguntzak emango ditu eta interesatuek urriaren 7ra bitartean egin dezakete eskaera Azpeitiko udaletxean.