Buscar
Actualidad

Ekonomialariek puntu erdi igo dituzte 2023rako aurreikuspenak

Ekonomisten Kontseilu Nagusiaren iritziz inflazioa %5era jaitsiko da aurten
Zerbitzuek ez dute bere indarra berreskuratzea lortu. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI
Zerbitzuek ez dute bere indarra berreskuratzea lortu. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI

Ekonomisten Kontseilu Nagusiaren arabera, Espainiako ekonomiak 2022an izandako hazkundea urte arteko %5etik gorakoa izan da, eta 2023ko Barne Produktu Gordina (BPG) %1,5 haziko dela aurreikusten du, aurreko proiekzioetan baino bost hamarren gehiago.

Ekonomialarien Kontseilu Nagusiaren Finantza Behatokiak atzo argitaratu zuen azken txostenean agertzen denez, aurreikusten duten 2022ko urte arteko %5 baino gehiagoko azken hazkundearen zifrari esportazioen gorakadak lagundu dio, Espainiako ekonomiaren diru-sarrera guztien %40 gainditu dutelako, baita lan-merkatuaren bilakaera onak ere.

Ekonomialariek azpimarratu dutenez, lehen sektoreak pandemiaren aurreko BPGa (2019) berreskuratu eta gainditu du, maila horretara iritsi ez diren industriaren eta zerbitzuen sektoreek ez bezala.Bestalde, turismoaren sektorea nabarmen indartu da, erabateko susperraldiaren atarian kokatzeraino.

Valentín Pich Espainiako Ekonomialarien Kontseilu Nagusiko presidentearen esanetan, atzeraldia baieztatu ez arren, zifra ofizialek garbi adierazten omen dute nolabaiteko dezelerazioa gertatu dela.

“Hori guztia, zor publikoa handi- tzen ari den testuinguruan, inflazioaren ondorioak erabat kontrolatu gabe, eta Next Generation EU funtsen behin betiko ondorioak ikusi gabe; beraz, ezin gara konformatu enpleguaren eta espero den hazkundearen koiunturazko zifra soilekin”, aipatu zuen.

Ekonomialarien presidentearen iritziz, erreforma ausartagoak egin beharko lirateke, bai kontu publikoen kontrolaren aldetik, baita epe ertain eta luzean jarduera ekonomikoa sortzeko palanka-eragileen aldetik ere. “Espainiako ekonomiaren etorkizuneko noraeza, urtebete baino gehiagorako epean, 2023an egiteko gai izaten garen horrek zehaztuko digu; ondo jardunez gero, aurreikuspen ofizialak gainditzeko moduan izango gara, baina oraindik arriskua badago, izan zitekeenaren baina izan ez zenaren egoera iragankorrean geratzeko ere”, adierazi zuen Pichek.

Prezioei dagokienean, Ekonomisten Kontseilu Nagusiak %5era arteko inflazio-tasaren aurreikuspenari eutsi dio 2023rako. Ez genuke ahaztu behar, 2022ko inflazioa %5,7raino apaldu dela abenduan, Eurogunekoa baino (%9,2) 3,5 puntu gutxiagoko diferentzialarekin, gure inguruneko tasarik txikiena izan delarik. Lan-merkatuari dagokionez, ongi erantzuten ari dela nabarmendu du txostenak, 2022an 285.000 langabe gutxiago erregistratuta. Lan-erreformaren eraginpean, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua 20,3 milioi ingurukoa da, kontratuen formalizazioan eragin aipagarria izan duelarik, partzialtasun gero eta handiagoa antzematen bada ere. 2023. Urteari begira, langabezia-tasa %12,9koa izango dela uste dute ekonomialariek.

Defizit publikoa aztertzerakoan, 2023rako aurreikuspenak %4,5etik %4,9ra igo dituzte, eta zor publikoaren kalkulua %114,3tik %113ra jaitsi. Hala eta guztiz ere, EGKtik ohartarazi dutenez, termino nominaletan, zirkulazioan dagoen zor publikoak hazten jarraituko du 1,5 bilioi euro gainditu arte; horrek 28.431 milioiko igoera suposatzen du hiruhileko batean, eta 76.561 milioikoa itxitako azken ekitaldiarekin alderatuta (2021).

2023-01-25T08:26:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo