Elene Lete eta Irene Paredes gipuzkoarrak, Montse Tomé Estatuko hautatzaileak deitutako 26 jokalarien zerrendan sartu dira, 2025eko Eurokoparako sailkatze fasean eta Pariseko Olinpiar Jokoak prestatzeko Txekia eta Belgikaren aurka jokatuko dituzten bi partidetarako. Patri Guijarro Bartzelonako erdilaria izan da deiladiko berritasun nagusia.
Balearretako jokalariak ez du Espainiako selekzioarekin jokatu 2022ko irailaz geroztik, bera izan baitzen egitura eta kirol aldaketak gertatu arte joateari uko egin zion 15 futbolarietako bat.
Espainiak ziurtatuta du jada Europako hitzordurako txartela. Erabakigarriak ez diren azken bi partidak jokatzea besterik ez zaie falta: Txekiaren aurka uztailaren 12an Chomutoveko Letni Stadionen, eta Belgikaren aurka uztailaren 16an A Coruñako Riazor estadioan.
Joko Olinpikoak
Bi norgehiagoka horiek Pariseko Joko Olinpikoak prestatzeko erabiliko dituzte nagusiki, kontuan izanik, gainera, Espainiak bere historian lehen aldiz hartuko duela parte hitzordu handi horretan. Horrexegatik, zerrenda horretatik atera beharko lukete, oker handirik ezean, Frantziako Jokoetara joango diren 18 jokalariak eta lau erreserbak.
Hilaren 30etik 17ra arte egongo dira kontzentratuta jokalariak. Hortik aurrera, prestaketa-deialdi hori desegin, eta Joko Olinpikoetarako behin betiko kontzentrazioa hasiko da, hautatutako 18 jokalariekin eta taldekideren baten lesio garrantzitsu baten kasuan soilik sartu ahal izango diren lau erreserbekin.
Zerrenda
26 jokalarien zerrenda honako hauek osatu dute: Misa (Real Madril), Cata Coll (Bartzelona), Elene Lete (Reala); Irene Paredes, Batlle eta Jana (Barça), Laia Aleixandri (M. City), María Mendez (Levante), Laia Codina (Arsenal), Olga Carmona eta Oihane (Real Madril), Leila Ouahabi (M. City); Abelleira, Oroz (Real Madril), Aitana, Vicky López, Alexia, Guijarro (Bartzelona) eta Jenni (Tigres); Mariona eta Salma (Bartzelona), Athenea (Real Madrid), Eva Navarro (Atlético), Lucía García (M.United), Alba Redondo (levante) eta Gabarro (Sevilla).